NAIZ

Bilboko preso baten gorpuak hiru hilabete daramatza Zaragozan autopsia baten zain

Jose A. Serrano Benitez Zuerako kartzelan hil zen urrian eta bere gorpua Zaragozako gorputegian aurkitzen da berme guztiak betetzen dituen autopsia bat egiteko.

Jose A. Serrano Benitez bilbotarraren gorpuak hiru hilabete daramatza Zaragozan autopsia baten zain. (ARGAZKI PRESS)
Jose A. Serrano Benitez bilbotarraren gorpuak hiru hilabete daramatza Zaragozan autopsia baten zain. (ARGAZKI PRESS)

Salhaketak jakinarazi duenez, jatorriz bilbotarra zen Jose A. Serrano Benitez Zuerako kartzelan hil zen joan den den urriaren 14ean eta geroztik bere gorpua Zaragozako gorputegian aurkitzen da berme guztiak betetzen dituen autopsi bat egiteko zain.

Azaldu dutenaren arabera, Bilboko presoa «bakarrik hil zen, funtzionarioen aldetik inolako laguntzarik jaso ahal izan gabe» eta hiru hilabete pasatu diren arren bere bikote eta familiak ez dute gorpua ikusteko aukerarik izan.

Jose A. Serranoren familiak presoaren heriotzaren datuen inguruan «gardentasuna» eskatu du eta «oinarrizkoa den bermezko autopsia oso bat, konfidantzazko mediku forentseekin, edozeinek eskatuko lukeena eta legeak bermatzen duena».

Presoaren bikotea zen Silvia Encinak, forentsearen txostenak gabezi larriak dituela eta araudiak legeztatzen duena ez duela betetzen salatu du. Aldi berean, Zaragozako Instrukziozko Epaitegiak gutxieneko ikerketa bat egiterako orduan izan duen «erresistentzia» ere salatu du.

Jose A Serranok bere kondenaren osotasuna lehen graduan igaro duela azaldu dute. Tratamendu psikiatrikoa zuen preskribatuta, botika egunean zehar hiru alditan hartu beharra zuen, baina salatu dutenez bere heriotza baino hiru aste lehenago, tratamendu guztia funtzionarioek gainbegiraturiko bi alditan (bazkari eta afariarekin) hartzera behartua izan zen.

«Familia bezala argi dugu osasun arreta ezegokiak erail duela. Egoera bere horretan gogorra izateaz gain, hiru hilabete beranduago ganorazko autopsia bat egin eta ehortzi izan ezinak larriagotzen du», adierazi dute.

Azaroaren 11an epaitegiak familiari errauste edo ehorzpenaren artean aukeratzeko eskatu ziola azaldu du eta helegitea aurkeztu zutela. Ebazpenaren zain daude. Ildo horretan, froga perizialen gastuei aurre egiteko laguntza eskatu dute ondorengo kontu korrontean: ES66 2095 3150 2310 9280 7584.