NAIZ

Etxerik gabeko pertsonei ostatua emateko neguko dispositiboa abiaraziko du Udalak

Bilboko Udalak abian jarriko du astelehen gauean bizitokiaren aldetik bazterkeria-egoera larri batean dauden pertsonentzako neguko dispositibo berezia.

Bilboko Udala.
Bilboko Udala.

Bilboko Udalak eta Claret Sozial Fondoak 2015ean hitzarmen bat sinatu zuten zerbitzu hau emateko lehen aldiz. 20 plaza daude: 14 gizonentzat eta 6 emakumeentzat. Baldintza meteorologiko oso txarrak daudenean zerbitzu berean beste 8 plaza jartzen dituzte.

Gauean Harrera Emateko Udal Zerbitzuan 26 ohe prestatuko dira, Uribitarten. Eskaria eta hotz-boladak kontutan hartuta, 15 plaza erreserbatu dira Bilbao Aterpetxea Hostelean.

Etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko Bilbok baditu gaueko zentro batzuk. Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak kudeatzen ditu zentroak modu zentralizatuan. Elexabarriko Udal Aterpetxean 71 plaza daude, egonaldi labur eta ertainetarako. Caritasek kudeatzen duen Lurberri Etxean 25 plaza daude, egonaldi luzeetarako.

Gauean harrera emateko udal zerbitzuak Uribitarteko Aterpetxean 83 plaza ditu, Lagun Artean gaueko zentroan 32 plaza eta Federico Ozanam aterpetxean 10 plaza. Hontza gaueko zentroan 19 plaza daude.

Neguan aterpean sartzeko erabiltzaileek bete behar dituzten baldintzen artean hauexek daude: adinez nagusia izatea, baliabide ekonomikorik ez edukitzea, beharra edukitzea, Bilbon jarraian hiru hilabetez egotea, krisi-egoera larrian ez egotea edota bizikidetzaren arloan jokaera onartezinak ez edukitzea, hirugarren pertsona baten laguntza behar duen mendekotasun-egoeran ez egotea, gaixotasun infekzioso-kutsakorrik ez edukitzea tratamendu mediko barik eta ostatu-baliabideetan zigor larri edo oso larria ez edukitzea.