NAIZ

Bazkidetza kanpaina abiatu dute erosle eta ekoizleek elkarlanean kudeatutako saltokia irekitzeko

Labore-Bilbo elkarteak udazkenean ireki nahi du denda itxurako «topagune agroekologikoa» Bilbon.

Labore-Bilbo elkarteari sostengua adierazi dioten norbanako eta eragileak.
Labore-Bilbo elkarteari sostengua adierazi dioten norbanako eta eragileak.

Labore-Bilbo elkartea babesten duten, norbanako eta eragileek (EHNE Bizkaia, Errigora, Bizilur elkartea, Mundubat, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Gite-Ipes) eman dute bazkidetza kanpainaren berri.

Ekimenaren berrikuntzarik handiena da kontsumitzaileak eta ekoizleak elkar-harremanean batuko dituela, erabakiak elkarrekin eztabaidatuz eta modu asanblearioan hartuz, bi aldeen zein ingurugiroaren onurarako.

Salerosketarako produktua bertokoa, agroekologikoa eta sozialki orekatua izatea du helburu proiektuak. 

Bilbon irekiko duten espazio berriak janari-denda baino gehiago izatea du helburu. Hain zuzen ere, «kontsumitzaile arduratsuak hezteko tokia, elikadurarekiko eta gizarte ereduarekiko kezka dutenentzako topalekua, Euskal Herriko hamaika txokotako produktuak ezagutu nahi dituenarentzako erreferentzia gunea, ekoizleek baldintza duinetan saldu ahal izateko puntua, salgai zer ipini bazkideek erabaki ahal izateko eremua, Bizkaian agroekologia sustatzeko tresna…»

Ordutegi eta eskaintza zabala izango du eta salneurri justuak erosle zein ekoizleentzat, baina bertan erosteko aukera bazkideei mugatua egongo da.

Uda aurretik 500 bazkide berri behar dituzte proiektuak aurrera egingo badu. Egitasmo honetan partehartzeko bost euroko ekarpena egin beharko da hilero, hasierako hogei euroez gain.

Horrekin batera, bazkideek urtean ordu gutxi batzuk eman beharko dituzte auzolanean orotariko lantxoak egiten. Bazkide fundatzaile izateko aukera ere zabalik daukate oraindik. Bazkidetzaren inguruko informazio gehiago jasotzeko: www.laborebilbo.eus bisitatu edo idatzi info@laborebilbo.eus helbidera.