NAIZ

Euskal Coaching, Koikili futbolari ohiaren eskutik

Ekimen honekin, Bilboko Udalak euskararen erabilera sendotu nahi du ikastetxeetan, ez bakarrik irakaskuntzaren eremuan, baizik eta baita ikasleentzat garrantzi handikoak diren kirolean eta teknologia berrietan.

Koikili Lertxundi. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Koikili Lertxundi. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Egitasmoaren aurkezpenean azaldu dutenez, Bilboko ikastetxeetan egingo diren ‘Euskara Tek’ tailerrak Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiak zuzendutako EuSport enpresak emango ditu. Bera arduratuko da teknologia berriak, kirola eta euskara parte hartzaile izango diren ikasleengana hurbiltzeaz, betiere modu integratuan.

Zehazki, 15 tailer egingo dira 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Tailer bakoitzean 50 gazterentzako lekua dago eta Bilboko zenbait ikastetxetan egingo dira. Gainera, bost hitzaldi emango dira 10 eta 18 urte bitarteko kirolari gazteentzat. Ordubeteko saioak izango dira, udal zentroetan eta kirol instalazioetan.

Horrela, Bilboko gazteentzat erreferentzia diren puntako kirolariak izango dira tailerrak eta hitzaldiak emango dituztenak: Igor Anton eta Amets Txurruka txirrindulariak; Iraia Iturregi, Aitziber Juaristi, Koikili Lertxundi, Ainhoa Tirapu eta Amaia Olabarrieta futbolariak; Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloi jokalariak; Borja Mendia, Ainara Ramasco eta Asier Garcia saskibaloi jokalariak; Mikel Urrutikoetxea, Iratxe Benito, Danel Elezkano eta Ibai Zabala pilotariak; Aitzol Atutxa aizkolaria; Leticia Canales surfista; Rakel Mateos triatleta; Txomin Arana motor gidaria eta Iker Zabala arraunlaria.