NAIZ

Korrika eta Euskal Herriko Itzulia apirilaren 6ko arratsaldean elkartuko dira Bilbon

Apirilaren 6ko arratsaldean Bilbon elkartuko dira euskararen aldeko lasterketa eta txirrindulariak, Kale Nagusian bukatuko baita 4. etapa.

Euskal Herriko Itzulia 2015ean ere Bilbotik igaro zen. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Euskal Herriko Itzulia 2015ean ere Bilbotik igaro zen. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Apirilaren 6ko arratsaldea festa egun bezala izendatu beharko dute Bilbon. Izan ere, egun berean Korrika eta Euskal Herriko Itzulia Bizkaiko hiriburuan elkartuko baitira.

2017ko martxoaren 30ean hasiko da Korrikaren 20. edizioa Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da nafar hiriburuko kaleetan. ‘Batzuk’ lelopean, ‘bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasaren bitartez, «hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinak osatzen duten aniztasuna» irudikatu nahi dute.

Euskararen aldkeo lasterketak Barakaldo, Santurtzi eta Balmaseda zeharkatuko ditu apirilaren 6an zehar, baina ostegun arratsaldean, 16.52an aurreikusita dago, korrikalariak Bilbora iritsiko dira.

Ordu berdinerako aurreikusita dago Euskal Herriko Itzuliaren etapa bukaera. 17.00-17.30 bitartean txirrindulariak Kale Nagusiko helmugan izatea espero da. Viveroko aldapa igo ostean Otxarkoagatik sartuko dira eta erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte, Guggenheim albotik ere igaroko dira.

Apirilaren 7an berriz, Bilbotik aterako da Eibarren bukatuko den 5. etapa. Apirilaren 3tik 8ra bitartean, Iruñea eta Eibar lotuko ditu Itzuliaren 57. edizioak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak zeharkatuta. Ibilbideak, aurreko urteekin alderatuz, gogortasun apur bat gutxiago izango du. Arrate eta azken eguneko erlojupekoa agertzen dira epaile moduan. Partaidetza bikaina espero da..