Gora egin du bisitari kopuruak Aste Santuan Bilbon eta Basque Fest dinamizatzaile gisa finkatu da

Basque Fest jaialdiak «animazioz, musikaz, gastronomiaz, kulturaz, tradizioz eta abangoardiaz» bete du Bilbo Aste Santuan, eta guztira 91.813 pertsona bildu ditu apirilaren 12tik 16ra bitartean antolatutako 200 bat jardueretan, iaz baino %26 gehiago. Turismo bulegoetan harrera egin zaion jende kopurua ere hazi egin da, %5,48.

NAIZ|BILBO|2017/04/18 16:17
Loading player...

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ostegun santutik Pazko astelehenera 10.719 pertsonei eman zitzaien arreta Plaza Biribilean eta Guggenheim museoan dauden informazio bulegoetan. Joan den urtearekin alderatuta, %5,48ko igoera izan da. Ildo horretan, Bilboko Udalak nabarmendu du Aste Santua handitzen ari dela oporraldi gisa. Gauzak horrela, apirilaren 8tik 12ra emandako arreta kopurua %26 handitu da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Aste Santuan egon den turismoa espainiar Estatukoa izan da nagusiki. Turismo bulegoetan arreta jaso duten pertsonen %68 espainiar Estatukoak izan dira, eta %28 beste herrialde batzuetakoak. Nazioarteko merkatuak %46,4ko hazkundea izan du, 3.011 bisitariri eman baitzaie arreta.

Lurraldeka, Katalunia, Madril, Valentzia, Galizia eta Gaztela eta Leongoak nabarmendu dira. Aurten, Kanariar Irletako turista asko ere izan da Bilbon, Las Palmas taldeak San Mamesen jokatu zuelako Ligan. Herrialdeka, Estatu frantsesa izan da turista gehien igorri dituena eta ondoren, Britainia Handia, Alemania eta Italia. Era berean, Argentina eta AEBetako turista gehiago izan dira.

Udalaren datuen arabera, Basque Fest jaialdiak partaidetza marka gainditu du eta 91.813 lagun bildu ditu. Gorantz doan Aste Santuaren «dinamizatzaile» dela nabarmendu du.