NAIZ

Triangulo de Amor Bizarro, Sorkun eta Niña Coyote eta Chico Tornado; Bilbo Zaharrean ekainaren 10ean

Ekainaren 10ean, BBK Live jaialdiak eta Udalak elkarlanean «Hirian» izeneko egitasmoa antolatu dute eta 25 musika taldek kontzertua eskainiko dituzte Bilbo Zaharrean.

Niña Coyote eta Chico Tornado. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Niña Coyote eta Chico Tornado. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak, Alfonso Santiago, BBK Live jaialdia antolatzen duen Last Tourreko zuzendariak eta Pablo Mazo, Heineken etxeko Komunikazioko zuzendariak Bilboko Artelan Berreginen Museoan aurkeztu dituzte Bilbo Zaharrean ekainaren 10ean izango den egitasmoaren programazioa.

Zuzeneko musika emanaldiak dohainik izango direla azaldu dute bost agertoki ezberdinetan: Mariaren Bihotza plazan, Erribera plazan, Castillo Jeneralaren kalean, Peso Neton (San Frantzisko kalea, 1) eta Martzana kaian.

12.00etatik aurrera kontzertu ezberdinak antolatu dituzte. Besteak beste, Triángulo de Amor Bizarro, Novedades Carminha edota Bigott izango dira; kultura desberdinetako artistak, Omar Souleyman, esaterako; haurrentzako musika, Ene Kantak edota Petit Pop taldeen eskutik; edo Sorkun, Amorante, Iseo & Dodosound edota Niña Coyote eta Chico Tornado bezalako euskal taldeak.

Programazioa osatzeko, Bilbo Zaharreko jarduerarik sustraituena eta dinamizatzaileena den Maiatzaren 2ko Azoka musikaren inguruko azoka tematikoa buhurtuko da. Gainera, Bilbo Zaharra jarduera artistiko eta kulturalerako euskarri moduan aldarrikatzeaz gain, auzoaren bilakaeraren erreferente den azoka bohemio hau jardunaldiko beste eszenatoki bat izango da. Animazioa eta kalejirak izango dira ikuskizunari amaiera emateko.