NAIZ

Indautxuko Eskoletako geletan jasan duten beroa salatu du EH Bilduk gurasoekin batera

Indautxu Eskolako gurasoekin batera egindako agerraldian, EH Bilduren udal taldeak esan du Udaleko Kultura zinegotziari azalpenak eskatuko dizkiotela. Salatu dutenez, azken egunetan 30 gradu baino gehiagoko tenperaturak pairatu dituzte ikasgeletan.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotzia.
Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotzia.

Alba Fatuarte EH Bildu Bilboko zinegotziak Indautxuko Eskoletako gurasoekin batera agerraldia egin du goizean, ikasleek ikasgeletan jasan behar izan duten beroa salatzeko.

«Ikasturtea bukatzear da eta, beste urte batez, ikasgeletako beroaren arazoa ez da konpondu», salatu du Fatuartek. Gurasoek baieztapen horrekin bat egin dute eta gogoratu dute 400 umek ikasten dutela Indautxuko Eskoletan.

Azken egunetan geletan zegoen beroarengatik klasea pasiloetan eman behar izan dute umeek eta Fatuartek gogoratu du ez dela une zehatz batean ematen den arazoa.«Urte guztian arazo bera daukate. Neguan ezin dute berogailua tenperatura egokian jarri eta udan, eguzkiagatik, tenperaturak gora egiten du, batez ere Autonomia kalera begira dauden ikasgeletan», azaldu du.

Zinegotziak azpimarratu duenez, azken egunetan 30 graduko tenperaturak izan dituzte ikasgeletan eta araudiaren arabera, horrelako tenperaturak «arriskutsuak» dira.

Zinegotziak esan du egoera bera beste ikastetxe batzuetan errepikatu dela. Santutxuko Luis Briñas ikastetxean salaketa bera egin dute.

«Gure ustez, honek zerikusia du Bilboko eskola publikoetan egiten den inbertsio eskasarekin. Hori dela eta, beste behin ere, eskola publikoari baliabide gehiago ematea eskatzen dugu hirian kalitatezko hezkuntza izateko», esan du Fatuartek. 

Aldi berean, EH Bilduk Koldo Narbaiza Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du. Santutxu eta Indautxuko ikastetxeen moduko egoera gehiago dauden eta zein neurri hartuko diren ezagutu nahi du EH Bilduk.