NAIZ

Morat talde kolonbiarra eta Green Valley gasteiztarrak, Europa parkean

Morat talde kolonbiarra, Radio Máxima, Megastar FM irratiko DJ-ek antolatutako «Adi Bilbao» ikuskizuna eta Green Valley reggae banda Europa parkean arituko direla Aste Nagusian jakinarazi du Udalak.

Europa parkeko kontzertuak jendez gainezka izaten dira. (Bilboko Udala)
Europa parkeko kontzertuak jendez gainezka izaten dira. (Bilboko Udala)

Aste Nagusian Europa parkean izango diren kontzertuen berri eman du Udalak. Txurdinagako auzoan kokaturik dagoen 10.000 m2-ko agertoki honetan «modan dauden» abestiak entzuteko aukera izango da.

Izan ere, Morat laukoteak, Radio Máxima, Megastar FM irratiko DJ-ek antolatutako «Adi Bilbao» ikuskizuna eta Green Valley izango dira.

Kontzertuak, abuztuaren 23tik 26ra arte doakoak izango dira eta 00.00etan hasiko dira.

Abuztuaren 23an, asteazkena, Morat talde kolonbiarrak kontzertuen programa hasiko du. 2015ean jaio zen Pop Folk estiloak uztartzen dituen banda, eta urte berean, ezagutzera eman zen Paulina Rubio artistarekin elkarlanean burututako «Mi nuevo vicio» abestiarekin. «Cómo te atreves» abestiak, berriz, salmenta kopuru guztiak hautsi zituen eta ospea nazioarte mailan eman zien. Taldeak, 2016an, Artista Berri Onena izendapena jaso zuen Grammy Sarietan eta Los 40 Music Awards-etan Artista Berrien saria irabazi zuen. «Sobre el Amor y sus Efectos Secundarios… y unas cuantas cosas más» lanarekin Urrezko Diskoa lortu ondoren, laukoteak Estatu espainiarrean burutuko duen bira hasi berri du.

Abuztuaren 24an, aldiz, Radio Máxima-k Aste Nagusi Dance ikuskizuna ekarriko du. Máxima FM irratiko DJ-ek jarriko dituzten abestiak publiko gaztea dantzan jarriko dute. Erritmo biziak eta freskoak udako gaua pizteko.

Abuztuaren 25ean, ostirala, Megastar FM irratiko DJ-ek «Adi Bilbao» saioa eskainiko dute. Abesti berrienak eta doinu techno-house onena Europa parkean izango da.

Azkenik, abuztuaren 26an, Green Valley taldea ikusteko aukera izango da. Reggae musika Dancehall doinuekin uztartuko du jatorri gasteiztarra duen banda honek.