NAIZ
BILBO

«Instituzioek beharko luketen izaera laikoa» ez errespetatzea leporatu diote Aburtori

Bihar Begoñako basilikan egingo den meza nagusian Juan Mari Aburto Bilboko alkateak izango duen «parte hartze aktiboa» salatu dute bizkaitar hiriburuko EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek. «Udalak ez du instituzioek eduki beharko luketen izaera laikoa errespetatzen», adierazi dute ohar baten bidez.

Aburto, Bilboko alkatea, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Aburto, Bilboko alkatea, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Bilboko Udalak «instituzioek eduki beharko luketen izaera laikoa» ez duela errespetatzen salatu dute bizkaitar hiriburuko EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek. Bihar, abuztuak 15, Begoñako basilikan egingo den mezan, «Izeta gotzainarekin batera alkatearen parte hartze aktiboa» salatu dute ohar baten bidez.

«Laikotasunaren errespetua Gobernuaren eta Udal administrazioaren oinarrizko printzipioa izan beharko litzateke», gaineratu dute. Modu honetan, laikotasuna «sinesmen eta balio ezberdinak dituzten pertsonen arteko elkarbizitza sustatzeko elementua» dela defendatu dute.

Era berean, hiru udal taldeek gogora ekarri dute ez dutela halako ekimenetan parte hartuko. Zentzu honetan, dei egin diote EAJ eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuari «edozein aitormen erlijiosorekiko, eta batez ere Eliza katolikoarekiko, administrazioaren independentzia bermatzeko».