NAIZ

«Bilbo nire kotxe barik!» eguna

Ostiral honetan, Mugikortasunaren astearen baitan «Bilbo nire kotxe barik!» eguna ospatu da Udalak bultzaturik. Aldi berean, Ibiltariaren Saria eman diote Bilboko emakumeen ordezkaritza bati hiria «atseginagoa eta jasangarriagoa» egiteagatik.

Emakume bilbotarra saritu dute «Bilbo nire kotxe barik» egunaren baitan. (Bilboko Udala)
Emakume bilbotarra saritu dute «Bilbo nire kotxe barik» egunaren baitan. (Bilboko Udala)

Alfonso Gil, alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, eta Tomas del Hierro, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak eman dute Ibiltaria Saria Rodriguez Arias kalean. Ekimena «Bilbo kotxe barik!» egunaren baitan antolatu dute.

Saria jasotzera emakumeen ordezkaritza bat hurbildu da: Bilbobuseko gidari bat, Artxandako Funikularreko gidari bat; udaltzain bat, TAOko zaintzale bat eta taxista bat.

Azaldu dutenez, saria emateko beste arrazoi bat ere egon da «emakumeek garraio publikoen erabileran duten garrantzia». Adibide modura jarri dute emakumea dela Bilbobusetako erabiltzaile nagusia (% 70). 

Aurten, seigarren urtez, Bilboko Udalak Mugikortasunaren Aste Europarra antolatu du irailaren 16tik 22ra bitartean eta horren harira, Bilboko Ibiltariaren Saria eman du. Irabazlea, aurreko edizioetan legez, hedabide batzuetan egin diren bozketen bidez hautatu dute herritarrek.

Bilboko Ibiltariaren Sariak Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen duten pertsonen eta taldeen zeregina aitortzen du.