NAIZ

Kirolaren Europako Astea Bilbon

«Bilbao Kirolak erakundearen bitartez, adin guztietarako jarduerak antolatu ditugu: esaterako, Bizimodu Aktiboa izeneko programa prestatu dugu adinakoentzat, eta asteburuan kirola egin ahalko da familiartean», azaldu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Bilbao Basket taldeko Javi Salgado ordezkari politikoekin. (Bilboko Udala)
Bilbao Basket taldeko Javi Salgado ordezkari politikoekin. (Bilboko Udala)

Bilbao Arena Kirol Jauregiak gaur goizean hartu du EAEko Kirolaren Europako Astearen aurkezpena. Ekitaldiari hasiera emateko, Bilbao Kirolak erakundearen Miribillako instalazioak bisitatu dituzte; bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Jon Darpón Osasun sailburua eta Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru-diputatua.

Prentsaurrekoan, ezagutzera eman da Bilbok aurreikusi duen Kirolaren Europako Asterako egitaraua, irailaren 23tik 30era bitartean ospatuko dena.

Hain zuzen ere, Bilbo hiria hautatu dute aurtengo edizioaren EAEko egoitza. «#BEACTIVE» goiburupean, kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruko ekintzak antolatu dituzte egunotan Europako hiri eta herrietan.

«Bilbori dagokionez, jarduera fisikoa kalera eramango dugu, aire zabalean dugun kiroldegi horretara, azpimarratu du Bilboko alkateak.

«Bilboko Udalarentzat, kirol-politika hiri-politika integrala da; alegia, hiria eta haren hiritar guztien bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako politika» adierazi du Juan Mari Aburtok.

Kirolaren Europako Astea Europako Batzordeak bultzatutako ekimen bat da, herritarren artean kirola eta jarduera fisikoa bultzatu nahi duena; Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekimenarekin bat egin dute.

Bilbok Kirolaren Europako Astea dela-eta aurreikusi duen egitarauan, ondoko jarduerak aurreikusi dira. Irailaren 27an, asteazkena, «Europako politikak, programak eta finantzazioa kirol-esparruan» prestakuntza-jardunaldia; 09.00etatik 14.00etara, Euskal Artxibo Historikoan.

Irailaren 28an, osteguna, «Bizimodu aktiboa parkeetan»; 10.00etatik 11.00etara, Casilda Iturrizar parkean. Bestalde, irailaren 30ean, larunbata, «Martxan Jarri» maratoia antolatu dute umeentzat eta helduentzat; 11.00etatik 14.00etara, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zabalgunean.

Super Heroi ekimena 11.00etatik 12.00etara izango da 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Trebetasuna, bizkortasuna eta dibertsioa uztartzen dituen ginkana antolatu dute.

Kaloriak erretzeko maratoia berriz, 12.00etatik 14.00etara 14 urtetik gorakoentzat. Hala ere, zati batean familia guztiak parte hartu ahal izango du. Musikaz eta askotariko koreografiez girotutako jarduera fisikoa izango da.