NAIZ

Guggenheim museoak datorren astean ospatuko ditu 20. urteurreneko ekitaldi nagusiak

Guggenheim museoaren 20. urteurrenaren ekitaldi nagusiak datozen egunetan ospatuko dira. «Chasmata» ikuskizuna urriaren 9ean izango da arratsaldeko 20.00etan eta «Reflections» urriaren 11, 12, 13 eta 14an egingo da, 20.30etik 23.30era.

Guggenheim Bilbao
Guggenheim Bilbao

«Chasmata» ekitaldia datorren astelehenean izango da, urriaren 9an, arratsaldeko 20.00etan, eta «inoiz ikusi gabeko moduan batuko ditu musika eta kosmosa». Europako Espazio Agentziaren eta BBKren lankidetzarekin antolatutako ikuskizunean, «ikus-entzuleek espaziora bidaiatu ahalko dute», Marte planetaren irudien bidartez eta Pedro Duque astronautaren eskutik.

Gainera, bertaratzen direnek aukera izango dute kontzertu batean murgiltzeko: 120 saxofoi jotzailek osatutako taldea altuera desberdinetan banatuta egongo da, eta gailu elektronikoekin batera joko dute. Ikuskizuna Atrioan izango da, eta sarrerak agortuta daude.

Bestalde, «Chasmata» ekitaldiaren harira, Pedro Duque astronautak solasaldia izango du Bizkaiko Batxilergoko ikasleekin datorren asteartean, urriaren 10ean, goizeko 11.30ean. Parte hartu duen espazio misioetan izan duen esperientzia partekatuko du astronauta espainiarrak, eta zientzia eta espazioan interesa duten gazteei aholkuei emango dizkie, haien galderei erantzunez. Solasaldiarako Entzungelan izango da, eta sarrerak agortuta daude. Ikasleak notario aurrean egindako zozketan hautatu dira.

Azkenik, «Reflections» Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren gainean gauzatuko den «mapping ikuskizun handia» izango da. Doakoa eta irekia izango da, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Iberdrolaren laguntza jaso du. Urriaren 11, 12, 13 eta 14an egingo da, 20.30etik 23.30era, eta gauero zazpi emanaldi izango dira.

Musika, argia eta irudiak baliatuko ditu horretarako, eta orotara 200.000 ikusle bilduko dituela espero da. «Reflections» 59 Productions etxearen ekoizpena. Ekitaldi irekia da, doako sarrerarekin, baina ez dago tokia erreserbatzeko aukerarik.