«Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte» jardunaldia Euskaltzaindiaren egoitzan

Arestiren «Euskal Harria» poema bildumaren 50. urteurrena dela-eta jardunaldi berezi bat antolatu dute Euskaltzaindiaren egoitzan idazle bilbotarraren lana gogoratzeko. Oskorri taldeak, Mikel Martinez aktoreak, Andoni Egaña bertsolariak eta beste askok hartu dute parte.

NAIZ|2017/10/11 13:43
Oskorri
Oskorri taldekoak berriro elkartu dira Aresti gogoratzeko. (@plazaberri)

Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti elkarteak antolatuta, «Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte» jardunaldia burutzen ari dira, Akademiaren egoitza nagusian.

Arestiren poemarioak 50 urte betetzen dituela-eta, «idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo-ondo ezagutu zuen jendea» bildu da Bilboko Plaza Barrian. Horien artean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak eta Jon Kortazar izan dira.

Horrez gain, Andoni Egaña bertsolariak eta Mikel Martinez antzezleak ere parte hartu dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginetaz mintzatu da, eta Mikel Martinez aktoreak, aldiz, idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egin du.

Agustin Ibarrolari «gorazarre txiki bat» ere egingo diote, Susana Jodra ikertzaileak Ibarrolak «Euskal Harria» poema-libururako egindako grabatuak aztertuko baititu.

Arratsaldean (19.00etan), Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira.