NAIZ
BILBO

«Mehatxuen aurrean» autogestioaren defentsa egin dute Bilbon gazte asanbladek

Ehunka gazte asanbladak deituta, ehunka gazte bildu dira Bilbon, autogestioaren beharra nabarmendu asmoz. Bide horretan EAJ eta Juan Mari Aburtoren «eredu neoliberal eta ustela» salatu dute.

Gazte asanblada desberdinek mobilizazioa egin dute Bilbon «proiektu autogestionatuen aurkako mehatxu eta erasoen kontra». Ehunka lagun bildu dira eta martxaren amaieran bizkaitar hiriburuko alkate Juan Mari Aburtori eta EAJri zuzendu dira gazteak: «Hemen gaudenok zuen eredu neoliberal eta ustelaren gainetik altxatu garenak gara».

EAJk eta Bilboko Udalak espazio aske eta autogestionatuen aurreran erakutsitako jarrera salatu dute: «Herri mugimenduaren aurkako eraso bezala ulertzen ditugu». Eta ildo horretan kokatu dituzte Izerbeltz ateneoa eta Etxarri gaztetxearen ustutzeak. Era berean, gogora ekarri dute Deustuko gazte lokala Karmela eta Tosuko espazioak «mehatxupean» daudela.

«Euren hirigintzako proiektu estrategioek gazteak prekarizatu eta euren eredutik at doan edozein mugimendurekin amaitzea dute helburu, turista erakarri eta etxebizitzekin lotutako negoziazioak izanik euren interes bakarrak», adierazi dute. Zentzu horretan, Bilbon «milaka» etxebizitza hutsik daudela azpimarratu dute.

Autogestioa «bizi eredu» dutela nabarmendu dute, «sistematik kanpo eragiteko arma boteretsua» dela, eta honen bitartez «bizitzeko era ezberdin bat» eraikitzeko apostu irmoa berretsi dute eta «Udaletik datorren mehatxu bakoitzak» indartu egiten dituela baieztatu, «Grina dago hiri kapitalista honi aurre egiteko».