NAIZ

EH Bilduk Bilbo eta Bizkaiko berdintasun politikak aztertuko ditu urriaren 18 eta 19an

EH Bilduk «Bilboko Berdintasun Ordenantza eta Bizkaiko Foru Araua Feminismotik» jardunaldiak antolatu ditu urriaren 18 eta 19rako Bilbon.

Berdintasun jardunaldiak.
Berdintasun jardunaldiak.

EH Bilduk politika feminista eraldatzaileak sustatzeko tresna arautzaileen aukerak eta mugak aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu datorren asteazken eta ostegunerako.

Azpimarratu dutenez, «momentu honetan Bilboko Berdintasun Ordenantza eta Bizkaiko Berdintasun Foru Araua lantzen ari dira eta EH Bilduk horien gaineko irakurketa kritiko bat egin nahi du».

«Helburua datozen hilabeteetan onartuko diren arau hauen gaineko ariketa eraikitzaile bat egitea da. Izan ere, tresna arautzaile hauek datozen urteetako berdintasun politikak baldintzatu ditzakete Bizkaia mailan eta horren aurrean prest egon behar gara», azaldu du.

EH Bilduk mahai-ingurua eta lan saio bat antolatu ditu, aditu eta arituekin. Jardunaldiak urriaren 18an eta 19an izango dira Bilboko La Bolsa udaltegian. Lehen saioan, Maite Barreña Udal Berdintasun teknikariak, Laura Gomez Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun Zuzendari ohiak eta Igor Ahedo EHUko irakasleak, hitzaldia egingo dute horrelako tresna juridikoen aukerak eta mugak ikuspuntu feminista batetik aztertuz.

Bigarren egunean, lan saioa egingo da Ordenantza eta Foru Arauaren zirriborroak aztertzeko eta hauen gaineko proposamenen norabidea lantzeko. Izena emateko aukera dago ehbildu@bilbao.eus helbidera mezu bat bidaliz.