NAIZ

Afroditari buruzko erakusketa, Begoñazpiko ikasleen eskutik

Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berri bat zabalduko du: Afrodita. Caos. Desioa. Sexo. Amodioa? Begoñazpi ikastolako ikasle-talde batek proposatu zuen halako erakusketa bat antolatzea, izan ere, eskola-proiektu bat garatu zuten Bizkaiko instituzioarekin elkarlanean.

DBHko 4. mailako ikasleek hezkuntza-proiektu bat garatu zuten duela urtebete eta Begoñazpi ikastolako ikasleek formatu txikiko erakusketak diseinatu zituzten, irakasleen eta teknikarien laguntzaz. Ikasturtearen amaieran benetako erakusketa bat antola zitekeela erabaki zuten Irene Campillok eta Olatz Gonzálezek (Pink Ladies) proposatutako lanaren harira: Amodioaren bila.

Orain, proiektua gauzatu du Berreginen Museoko lan-taldeak. Ikasleen abiapuntua amodio-motak aztertzea zen (erromantikoa, anaiartekoa, platonikoa…), baina museoak hasierako asmoa birplanteatu du, eta Afroditaren irudiari eman dio garrantzia.

Afrodita. Caos. Desioa. Sexo. Amodioa? erakusketan 11 obra eta 3 koadro-inpresio bilduko dira (bi Boticellirenak eta bat Rubensena), eta bete-betean erakutsiko da Afroditaren mundua, huraxe baitzen maitasunaren jainko greziarra eta Erosen ama.

Bidaia honi esker, jendeak jakingo du greziarrentzat indar kontrolaezin eta suntsitzailea zela amodioa. Gaur egun, Afroditak sortzen zituen pasioak krimen gisa ikusiko genituzke, izan ere, arrazoimena eta auto-kontrola birrintzen zuten, eta bortizkeria eragiten: bahiketak, bortxaketak eta bestelako krimen guztiz makurrak hauspotzen zituen Afroditaren indarrak.

Erakusketan hainbat eskultura erakutsiko dira (Miloko Venus, Cnidosen Afrodita eta Ludovisi tronua, besteak beste), eta hiru ataletan banatuko da: lehenik, Afroditaren izaera aztertuko da (jaiotza, nortasuna…); bigarrenik, amodioaren eta sexu-desiraren jainko gisa izandako eginkizunak aztertuko dira (desira hori aurreikusi ezina zenez, eta gizarteak kulturalki kontrolatzen zuenez, arriskua eta antsietatea zekartzan sarri, eta horri erreparatuko zaio bereziki); eta, azkenik, arakatuko da Afroditak eta haren mitologiak zer-nolako harremana zeukaten panteoi olinpikoko jainkotasun nagusiekin.

Erakusketa honek honakoak lantzen ditu: maitasuna, sexua, Grezia, mitologia… Merezi du erakusketa ikustea, egitasmo guztiz berezi batetik abiatu baitzen, gainera.