NAIZ

Hiru igogailu berri Santutxun eta Miribillan

Santutxuko Laurencin Markesaren kalean bi igogailu eraikiko dituzte eta Miribillako Askatasuna etorbidean beste bat. Azpiegitura berrien aurrekontua 4,08 milioi eurokoa da.

Igogailu berriak eraikiko ditu Udalak. (Bilboko Udala)
Igogailu berriak eraikiko ditu Udalak. (Bilboko Udala)

Santutxun bi igogailu berri jarriko dira Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko maila gainditzeko. Goiko igogailuak Iturriaga kalean izango du goiko geralekua eta Laurencin Markesaren eta Anselmo Guinea Margolariaren arteko bidegurutzera arte iritsiko da.

Ibilbidearen erdialdean izango du geraleku bat, haurtzaindegiaren parean.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldean jarriko da, Laurencin Markesaren kaleko bidegurutzean bertan, Cocherito de Bilbao kaleko bidegurutzeraino.

Laurencin Markesaren kaleko igogailuen lizitazioaren aurrekontua 2.600.000 eurokoa da. Lanak egiteko epea, berriz, 12 hilabetekoa.

Aldi berean, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak igogailu inklinatua jarriko du Miribillako Askatasuna etorbidearen (Bilbao Arenaren hego-ekialdean) eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean.

Igogailuak 54 metroko ibilbidea izango du, 31 metrotik gorako altuera gaindituta. Bi geraleku izango ditu; goiko aldean Juan Carlos Gortazar kalean eta beheko aldean Askatasuna etorbidean.

Igogailuaren aurrekontua 1.480.000 eurokoa izango da. Obra hau egiteko, urriaren 24tik aurrera, eta urtebetez, espaloia eta aparkalekua okupatu beharko dira Askatasuna etorbidean eta Juan Carlos de Gortazar kalean.