Txistularien omenezko plaka, El Perro kaleko biltoki historikoan

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu aurten eta elkartearen sorrera sustatu zuen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenezko plaka jarri dute, Bilboko El Perro kalean; 1926 urtean zehar talde honek bilkurak egiten zituen lekuan.

NAIZ|2017/12/05 05:52
Dsc_0079
Txistularien omenezko plaka jarri dute Alde Zaharrean.

Euskal Herriko Txistulari Elkartearen oroigarria jarri zuen astelehenean Bilboko Alde Zaharreko El Perro kalean, Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenez. Hain zuzen, talde honek kale horretan zegoen El Perro taberna-jatetxean egin zituen bilkurak 1926 urtean zehar, ondoren, 1927an Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko.

Ekitaldia hasteko, Bilboko Udal Txistulari Bandak harrera egin die bertaratutakoei. Besteak beste, ekitaldiari babesa eman diote Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak; Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; Luis Eguiluz, Bilboko Udaleko PPko bozeramaileak eta Beatriz Marcos eta Oscar Fernandez, PPko zinegotziek; Aitziber Ibarbarriaga, Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaileak; eta Carmen Muñoz, Bilboko Udaleko Udalberriko bozeramaileak.

Txistulariek Agur Jaunak jo bitartean estalgabetu dute plaka Juan Mari Aburto alkateak eta Iñaki Eguren, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakariak, eta ohorezko aurreskuaren ondoren, lehendakariak hartu du hitza. Elkartea sortzeko lanean aritu zen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldeko kideak gogoratu ditu, eta era berean, Elkarteak 90 urte hauetan egindako lana goraipatu du.

«Talde honek, besteak beste, txistulariak elkartu eta elkarlanean aritzea sustatu zuen. Horrez gain, gaur egunera arte iritsi den Txistulari aldizkaria argitaratzen hasi zen, eta dagoeneko, 9.000 musika orrialde argitaratu dira. Musika tresna bati eskainitako Europako aldizkari bakarra da», nabarmendu du.

Juan Mari Aburto alkateak, bestalde, azpimarratu du «Bilboko Udalak ate zabalik» hartu zuela ekitaldia babestu eta bertan parte hartzeko proposamena, eta txistularien lana goraipatu du. «90 urte egin izanak erakusten du iragana baduzuela, eta argi dago oraina eta etorkizuna ere izango dituzuela», esan du Aburtok.

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenezko plaka Bilboko Alde Zaharreko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean jarri da, bertan baitzegoen talde honek bilkurak egiteko erabili zuen El Perro taberna-jatetxea.