NAIZ

Mila lagunetik gora elkartuko dira Alhondigan euskara bultzatzeko

Abenduaren 14ean, osteguna, Berbagunea ekimenaren seigarren edizioa ospatuko da Alhondigan. Mila lagunetik gora elkartuko dira egun osoan zehar euskara bultzatzeko helburuarekin.

Berbagunea ekimenaren aurkezpena. (Bilboko Udala)
Berbagunea ekimenaren aurkezpena. (Bilboko Udala)

«Euskaraz hitz egitea, euskara euskaraz partekatzea» izango da abenduaren 14ean Alhondigan ospatuko den Berbagunea ekimenaren lelo nagusia. Helburua jendea euskaraz hitz egitera animatzea.

Aurten seigarren edizioa egingo da Alhondigan. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Euskaltegien sarearekin batera, euskararen erabilera bultzatu eta babestu nahi dute, esparru guztietan euskaraz hitza egitera gonbidatuta.

Berbagunearen helburua, euskara kalean agertzea, presente egotea eta gizarte elebiduna lortzeko euskararen ohiko erabileraren garrantzia azpimarratzea da.

Horregatik, egun osoan zehar, adin eta maila guztietako pertsonak mahai baten inguruan biltzen dira euskaraz hitz egiteko gai ezberdinei buruz: kultura, kirola, aisialdia, sare sozialak...

Mila pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenengo txanda 09.30etatik 11.00etara bitartean izango da, bigarrena 11.00etatik 12.30era, hirugarrena 12.30etatik 14.00etara eta laugarrena 16.00etatik 19.30era.

Lehenengo txanda bietan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak arituko dira, Bilboko ikastetxe ezberdinetakoak. Ordutegi horretan Bilboko Euskaltegietan euskara ikaste dabiltzanak ere egongo dira.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minuturen ostean egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko.

Euskaraz dakiten edo ikasten ari diren pertsona guztiak gonbidatzen dira parte hartzera. Berbagunean parte hartu nahi duten pertsonek izena eman behar dute aurretik, 944162472 telefonoan edota berbagunea@gmail.com helbidean.