NAIZ

Bazter Fest, emakumeak eta hip hop doinuak Bilborocken

Eskina Femeninaren eta Bilboko Udaleko Kultura Sailaren artean antolaturiko ekitaldia larunbat honetan, abenduak 16, izango da, Bilborocken 19.00etatik aurrera. Sarrera doan izango da. Kontzertuak, tailerrak, bat-batekoak eta remix-ak egingo dira.

Bazter Fest.
Bazter Fest.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Eskina Femenina kolektiboak Bazter Fest programaren hirugarren edizioa antolatu dute datorren larunbaterako, abenduaren 16rako, Bilborock aretoan.

Programak helburu bikoitza du: Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea, alde batetik, eta emakumeek hip hop-ean egiten duten lana eta haien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea, bestetik.

Izan ere, musika estilo horretan sortzen duten emakumeek euren jarduera ikusgai bilakatzeko beharra dute, gizonak nagusi diren munduan. 

Bazter Fest 19.00etan hasiko da, Hibernando Estudios-ek eta MarifxAria-ek aldi berean egingo dituzten bi Stencil tailerrekin. Hibernando Estudios sormena lantzen duen eta besteak beste grafitien eta hiri-artearen arloan duen esperientzia erakusten duen taldea da. MarifxArias ilustratzailea eta diziplina ugariko artista da, baita Eskina Femeninaren logoaren diseinatzailea ere.

Eguneko bigarren ekitaldia 20.00etan hasiko da: raparen estetikari buruz hausnartzeko mahai-ingurua. Esterotipoei, klixeei eta erreferenteei buruz eztabaidatuko da, besteak beste. Bazter Festeko programazioak estatu osoko hip hopeko bost artistarik esanguratsuenen emanaldiarekin jarraituko du.

Natsu Monk-ek (Irun) emango dio hasiera, eta jarraian honako hauek izango ditugu: La Ziega (Galizia), bere izaera irlatar, freskotasun eta positibismoarekin; Ms Maiko, zeinak “Estoy de vuelta” azken bideoa aurkeztuko baitu; Starr (Madril) eta Zeidah (Bartzelona).

Amaitzeko, 01.00etik aurrera, Txankleta DJak emakumezko MC-en itzuli bat gidatuko ditu. Emanaldi horretan, besteak beste, La Basu eta Aneguria artistek parte hartuko dute. Elena Caballero, La Basu, Bilbon emakumeek egindako raparen erreferente nagusia da. Besteak beste Fermin Muguruzarekin, Zein da Zeinekin, Mari Riverorekin eta abarrekin aritu da lankidetzan. “Ni naiz izotz erregina” diskoa argitaratu berri du.

Ane San Miguelek, Aneguriak, 2017an argitaratu du bere lehenengo diskoa: “Horchata de Chufa”. La Basu eta Aneguria dira hip hoparen kulturaren barruan emakumeei laguntza ematen dien Eskina Femenina proiektuaren arduradunak.