NAIZ

Guggenheim museoaren 20. urteurrena ospatzeko afaria 500 gonbidaturekin

Guggenheim museoaren 20. urteurrena spatzeko afaria egin dute Donostiako orfeoiarekin eta Richard Serraren eskulturekin. 500 gonbidatu izan dira euskal sukaldari ospetsuenek egindako menuaz gozatzen.

Aburto, Urkullu eta Rementeria 20. urteurreneko ospakizun afarian. (@bizkaia)
Aburto, Urkullu eta Rementeria 20. urteurreneko ospakizun afarian. (@bizkaia)

1997ko urriaren 18an ireki zituen ateak ofizialki Bilboko Guggenheim museoak eta hori ospatzeko afaria egin dute. Urtero ospatzen den ekimen hau, berezia izango da aurtengoan eta Guggenheim museoaren proiektua bultzatu zuten agintari politikoak ere bertan izan dira. 500 gonbidatu bertaratu ziren ospakizunera.

«Guggenheim Bilbao museoak bere 20. urteurrena ospatzen du eta haren jarduera ahalbidetzen duten pertsona, enpresa eta erakundeei haien babes etengabea eskertu nahi die», adierazi dute museoko arduradunek prentsa ohar bidez.

Horrela, gonbidatuek kontzertu bat entzuteko aukera izan dute, Donostiako Orfeoiaren eskutik. Koru donostiarreko abeslariek hainbat kanta abestu dituzte Richard Serraren ‘Denboraren materia’ osatzen duten eskulturen artetik.

IXO Taldeak eskaini du afaria, Nerua Guggenheim Bilbao jatetxeko chef Josean Alijaren gidaritzapean. «The World's 50 Best Restaurants» zerrendan dauden hainbat euskal sukaldariren laguntza izan du afaria prestatzeko, hala nola Etxebarri Erretegiko Victor Arginzonizena, Mugaritzeko Andoni Luis Adurizena, Arzakeko Elena eta Juan Mari Arzakena eta Azurmendiko Eneko Atxarena.

Aldi berean, Bodegas Campillo, Perrier-Jouët eta Coca-Cola enpresek haien lankidetza eskaini dute ospakizun berezi honetarako.