Manex ALTUNA @manexaltuna

‘Electro swing’ doinuekin dator Anita Parker talde jaioberria

Ibilbide oparoa duten musikariek osatzen dute Anita Parker talde berria: Gose taldean aritutako Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga ‘Osoron’, Skalariak taldean ibilitako Olatz Andueza eta Ane Martinez santutxuarra ahots nagusian.

Anita Parker taldearen aurkezpena. (David HERRANZ)
Anita Parker taldearen aurkezpena. (David HERRANZ)

Anita Parker talde berriak izen bereko lehen lana aurkeztu du gaur goizean Bilboko Itsas Museoaren parean. Paisai aproposa aurkezpen bat egiteko Karola ondoan, eguzkiak lagundurik irudi indartsuak utzi dituzte bertan bi kantu jotzeko baliatu baitute ekitaldia.

Jaioberria den arren, ibilbide oparoa duten musikariek osatzen dute Anita Parker taldea. Gose taldean aritutako Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga ‘Osoron’, Skalariak taldean ibilitako Olatz Andueza eta Ane Martinez santutxuarra ahots nagusian. Ia urtebete luzez lanean aritu dira Arrasateko Shot estudioetan eta Mauka diskoetxearekin zabalduko duten sei kantuko diskoa aurkeztu dute.

‘Electro swing’ musika estilo dantzagarria jorratzen dute nagusiki eta orain dela hilabete zabaldu zuten ‘Michelle’ izenburua duen bere lehen kantua sare sozialetan. Dagoeneko badituzte ere lehen kontzertuak. Durangoko Azokan izango dira abenduaren 9an Ahotsenean eta astebete beranduago Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko dute abenduaren 16an.