NAIZ

Musika eta kale animazioa gabonetako erosketak girotzeko

Larunbat honetan, abenduaren 9an, Bilboko barruti guztietako kale eta plaza jendetsuenak eta merkataritza jarduera gehien dutenak musikaz, kontzertuz eta beste emanaldi batzuez beteko dira, herritarrak kalera ateratzera, jai-giroaz gozatzera eta tokiko saltokietan erosketak egitera animatzeko asmoz.

Musika eta kale animaziorik ez da faltako datozen egunetan. (Bilboko Udala)
Musika eta kale animaziorik ez da faltako datozen egunetan. (Bilboko Udala)

Asteburu honetan Bilbora hurbiltzen direnek formatu txikiko 30 kontzertu eta bestelako kale-animazio batzuk ikusteko aukera izango dute Alde Zaharrean, Indautxun, Abandon, Uribarrin, Deustun, San Inazion, Santutxun, Txurdinagan, Otxarkoagan, Basurtun, Zorrotzan, Errekalden eta Bilbo Zaharrean.

Bilboko Udalak ekimen hau sustatuko du Gabonetako programazioaren baitan. Programazio hori kultura arloko 400 jarduera inguruk osatzen dute. 

Hiriko auzuneetako eta barrutietako merkataritza-gune nagusietan, guztira, 30 kontzertu izango dira larunbatean. Musika talde hauen eskutik izango dira kontzertuak: Bilboobillies, Missisipi Queen, Jalapeños, Dani Merino, Perifly, Still Covers, Lupita, Lee Junio, Out Sider, Helen, Erizos, Blues Morning, Recambios Zorrotza, Jaimones, Jazz at Five, Baxter, Blues de Luxe, Lee Perk eta Musicbox.

Horrez gain, abenduaren 9an bertan, 12.30etatik 14.00etara, kalejira egingo da Alde Zaharreko, Abandoko eta Indautxuko tokirik jendetsuenetan zehar. Merkataritza-gune horietara doazenek kaleko beste animazio batzuk eta askotariko jarduerak gozatu ahal izango dituzte.