NAIZ

Aratusterik jendetsuenak izan direla nabarmendu dute konpartsek

Bederatzi egunetan zehar «kaleak mozorroz, kolorez eta irriz» bete direla azpimarrattu dute Bilboko konpartsek. Batzorde Mistoak egindako ereduaren aldeko apustua egonkortu dela ekimen anitzen arrakasta nabarmendu dute.

Larunbateko desfilea Bilboko erdigunetik. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Larunbateko desfilea Bilboko erdigunetik. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Inoizko Aratusterik jendetsuenak eta parte hartzaileenak izan direla aurtengoak nabarmendu nahi izan dute Bilboko konpartsek bidalitako oharrean.

Larunbatean izandako eguzkiak lagundu duela adierazi dute konpartsek, baina horrez gain, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izan direla azpimarratu dute.

Gogoratu dutenez, Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, 1515. urtetik dokumentatua dagoen tradizioa berreskuratuz. Ostegunean, Zabalguneko Eraikinean hasitako musika giroa Zazpi Kaleetan zabaldu zen eta ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen epaiketa burutu zuten. Las Tea Party DJ-ak, Farolinak, eta Plaza Barriko tabernaria den Jon de Miguel, Zaranbolas, izan ziren protagonistak. 

Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan da Aratusteen ildoetako bat. Pontxe, tostada eta indaba txapelketarekin batera; larunbatean Kale Nagusiko gunean ohiko txorizo pintxo, pintxo begano, berakatz zopa eta barazki salda banaketaz gain, umeak sukaldearen tradizioarekin harremanetan jartzeko taloa eta ogia egin eta etxera eramateko tailerra burutu zuten.

Esan bezala, larunbatean aspaldi izan gabeko eguzkia lagun, jendez gainezka egon zen Bilboko erdialdeko aratuste gunea. Mozorro kalejiran konpartsaz gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera. 

Datorren urteari begirako erronka, Plaza Biribila Bilboko urez eta sorpresaz bustitzea izango dela adierazi dute.

Aste zoroari amaiera emateko, Sardinaren ehorzketa izan zen astearte gauean Arriaga plazan.