NAIZ

152.000 euroko ‘rolling’ pista berria Europa parkean

Bilboko Udalak kirol espazio berria inauguratu du Txurdinaga auzoko Europa parkean. 152.000 euroko kostua izan dituen ‘roller park’ bat da bizikleta, ‘skate’ edo gurpil-lerroko patinekin aritzeko.

Rolling pista berriaren inaugurazioa. (Bilboko Udala)
Rolling pista berriaren inaugurazioa. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak Txurdinagako Europa parkean zeuden pistak berriztatu eta handitu egin ditu eta gaur eguerdian inauguratu dituzte. Juan Mari Aburto alkatea eta udal korporazioko beste kide batzuk Europa parkean izan dira.

Bilboko alkateak esan duenez, «era honetako azpiegiturekin, aisia eta kirola sustatu nahi ditugu urian, kirola egiteko erraztasunak eman eta auzoetako espazio berdeen erabilera areagotu. Proiektu hau Parkeak Dinamizatzeko Udal Planaren barruan dago eta aisiako eta kiroletako inguruko eskaintza hobetzeaz gain, auzokoen eskariei erantzuten die».

Udaletik nabarmendu dutenez, ‘roller park’ berri honekin Txurdinagako auzokoek aukera izango dute aisiarako eta kirolerako tarte bat bertatik bertara edukitzeko, autorik hartu beharrik gabe; horrez gain, beste auzo batzuetako bizilagunentzat erakargarria izan liteke berdegune horretara joatea.

Patinatzeko gune berriak 840 metro karratu ditu eta pista berria lehen zegoenaren ordez jarri da, espazio handiagoa hartzen du eta hobea da. Sei modulu ditu, hiru gunetan banatuta. Pistarik handienak bi metroko altuerako arrapala dauka.

Bilboko Udalak 152.147,42 euroko inbertsioa egin du.