NAIZ
BILBO

‘Nola soinu halan seinu’ kartelak iragarriko du Bilboko Aste Nagusia

‘Nola soinu halan seinu’ kartelak iragarriko du aurtengo Bilboko Aste Nagusia. Jone Etxaburu Garai da egilea.

Kartel honek iragarriko du Aste Nagusia.
Kartel honek iragarriko du Aste Nagusia.

Jone Etxaburu Garaik irabazi du Bilboko Aste Nagusia iragartzeko kartel lehiaketa, ‘Nola soinu halan seinu’ lanarekin. Udaleko Jaietako zinegotzi ordezkari eta jaietako batzordeko presidenteak, Itziar Urtasunek, epaimahaiko gainerako kideak ondoan zituela, iragarri du irabazlea gaur eguerdian egin den agerraldian. 

Aurten 175 kartel aurkeztu dira guztira lehiaketara, aurreko edizioan baino %9,4 gehiago. Kartel gehienak Bilbotik iritsi diren arren, beste hainbat lekutatik ere bidali dituzte proposamenak, besteak beste Euskal Herriko beste hainbat tokitatik, Bartzelonatik, Madrildik, Sevillatik eta A Coruñatik.

Jone Etxabururen kartelak botoen %32 jaso du. Hiru mila euroko saria jasoko du.

Epaimahaiak sei kartel finalista aukeratu zituen eta uztailaren 2tik 6ra bitartean herritarrek euren botoa eman zuten. 2018ko Aste Nagusiko irudi irabazlea sistema mistoaren bidez aukeratu da, herritarren bozketak izan du pisurik handiena –%66koa–, eta epaimahaiarena –%33–.

Agerraldian nabarmendu dutenez, Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketak inflexio-puntua markatzen du atzerako kontaketan. Izan ere, iazko jaietan doako 400 jarduera baino gehiago antolatu ziren adin guztientzako eta guztira 1.300.000 pertsonatik gora izan ziren Bilbon (160.000 baino gehiago egunero).

40. urteurrena

Abuztuaren 18tik 26ra ospatuko dira Bilboko jai handiak; aurten Aste Nagusia sortu zeneko 40. urteurrena izango da gainera.