NAIZ

Gabriel Arestiren omenezko eguna

Gabriel Aresti idazle bilbotarraren jaiotzaren 85. urteurrenean, lore eskaintza egin diote Pio Baroja plazan eta hitzaldia eskainiko dute arratsaldean Bidebarrietako Liburutegian.

Gabriel Arestiren omenezko lore eskaintza. (Bilboko Udala)
Gabriel Arestiren omenezko lore eskaintza. (Bilboko Udala)

Udaletxeko ordezkari politikoek, Gabriel Aresti poeta bilbotarraren omenezko lore eskaintza egin dute gaur goizean. Izan ere, igandean 85 urte bete ziren Aresti jaio zela.

Bilboko Udal Txistulari Bandak girotutako ekitaldia Pio Baroja Plazan egin da, idazlearen jaiotetxetik metro gutxira, eta bertan izan da, besteak beste, Meli Esteban idazlearen alarguna, ohorezko aurreskuarekin batera Juan Mari Aburto alkateak emandako lore sorta jaso duena.

Alkatearen hitzetan, «Gabriel Aresti jaio zen Barroeta Aldamar kaleko etxebizitza horretatik –halaxe irakur daiteke Bilboko Udalak duela 10 urte jarritako plakan–, Gabriel eta haren etxekoak Francoren soldaduek Gerra garaian egindako bondardaketen biktima eta gudariek hiria erori aurretik Artxanda mendian egindako azken ahaleginen lekuko izan ziren, milaka bilbotarrekin batera. Eta geroztik, isiltasuna... zirimiria, industria eta kutsadura tarteko zituen derrotaren isiltasuna, diktadurak hiltzera kondenatu zuen milaka urteko hizkuntzaren derrigorrezko isiltasuna».

Testuinguru horretan, «Aresti euskararen itxaropena izan zen Frankismoaren garaiko urterik ilunenetan», Aburtoren esanetan, eta Arestirengana hurbiltzeko eta «haren ondare linguistiko eta literario zabala ezagutzeko» gonbidapena eginez, idazleak «atzo 85 urte beteko zituzkeela» gogoratu du, «85 urteko sormenezko heldutasuna, eta batek daki nolako fruitu berriak, nolako bitxi literario berriak ekarrizko zizkion euskararen historiari hain gazte hil izan ez balitz».

Arestiren ‘Nire aitaren etxea defendituko dut’ eta ‘Beti esanen dut egia’ poema ezagunen irakurketak, Udane Goikoetxearen ahotik, azken puntua jarri dio Gabriel Arestiren Eguneko ekitaldi nagusiari.

Arratsaldean, 19.30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegian eta goizeko ekitaldiaren osagarri gisa, Jon Kortazarrek poeta bilbotarraren hasierako literatura lanei buruzko hitzaldia eskainiko du eta aipatutako Udane Goikoetxeak, Petti musikariarekin batera, haren poema ezagunenetako batzuen irakurketa musikalizatua eskainiko du.