Asier Robles @asierrobles

Larunbatean Elkartasun Eguna ospatuko da Deustun

Kalera Kalera dinamikaren baitan kokatzen den egun honek «presoen egoera azaleratzea du helburu». Kalejira, bazkaria, bideo-emanaldia eta kontzertu akustikoa egongo dira, besteak beste.

Deustuko Elkartasun Eguneko kartela 2018.
Deustuko Elkartasun Eguneko kartela 2018.

Aspalditik antolatu izan dira Deustun elkartasun egunak, bereziki presoen kaleratzeekin lotuak. Baina, urte batzuk egun hau antolatu gabe igaro eta gero, Euskal Herriko beste herrietan Kalera Kalera dinamikaren baitan berriro ospatzen zirela ikusita, aurreko urtean Deustun egun hau berreskuratzea erabaki zuten.

Pasa den urtean 110 pertsona hurbildu ziren bazkarira, eta egunak izan zuen «arrakasta» ikusita, aurten berriro antolatu dutela adierazi du Gorka Contrerasek, antolakuntzako kide batek.

Egun honen helburua Deustuko presoen egoera «azaleratzea eta salatzea» da. «Preso hauek hogei urte inguru daramate kartzelan, frantziar Estatuko bost kartzelatan eta espainiar Estatuko beste hirutan egon dira, eta inoiz ez Euskal Herriko kartzela batean», azaldu du Contrerasek.

Elkartasun Eguna 12.30ean hasiko da Done Petri plazatik abiatuko den kalejira batekin. Gero, 15.30ean bazkaria egongo da Deustuko Herriko Tabernan, aukera beganoa eta begetarianoarekin. Bazkaldu ostean, 17.00ak aldera, ‘Deustun nahi zaituztegu’ bideoa eskainiko dute.

Arratsaldea, 19.00etan, Deustuko presoen aldeko ekitaldia egongo da Done Petri Plazan.

Gau-giroa hasteko, 20.30ean Talka taldea oholtzara igoko da eta kontzertu akustiko bat eskainiko du bi orduz. Kontzertua amaitu ondoren, jaiak jarraitu egingo du Herriko Tabernan.

Contrerasek aitortu duenez, hurrengo urteetan «egun hau ospatu behar ez izatea» espero dute, «baina egoerak berriro eskatzen badu, beste behin antolatuko dugu».