NAIZ

Poesia, saiakera eta ipuin lehiaketetako sariak banatu ditu Udalak

Bilboko Udalak urtero antolatzen dituen Blas de Otero Poesia Lehiaketak, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketak eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketak badituzte irabazleak. Sariak emateko ekitaldia Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan egin da, astelehen honetan.

Poesia, saiakera eta ipuin lehiaketetako sarien banaketa. (BILBOKO UDALA).
Poesia, saiakera eta ipuin lehiaketetako sarien banaketa. (BILBOKO UDALA).

Horrela, Paloma Rodríguez Miñambresek irabazi du Blas de Otero XI. Poesia Lehiaketa, ‘Oroimenaren Xaflakortasunaz’ lanarekin. Miguel de Unamuno XIV. Saiakera Lehiaketako garailea Galo Martínez de la Pera izan da, ‘Hiritasun santuaren misterioa edo Paulok egindako faltsutze eta lapurtzeak kristautasuna sortzeko’. Gilen Mejuto Garciak eskuratu du Gabriel Aresti XXXV. Ipuin Lehiaketa, ‘Mutxikina eta zuztarra’ lanari esker.

Blas de Otero Poesia Lehiaketaren aurtengo ediziora 753 lan aurkeztu dira, eta horietatik 17 izan dira euskaraz. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketara 104 lan aurkeztu dira, haietako zazpi euskaraz, eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan 1.663 lan izan dira lehian, haietako 59 euskaraz.

Gaztelaniazko modalitateetan, Angela Alvarez-en ‘Palabra vegetal’ poesia sortak irabazi du Blas de Otero Lehiaketa, Iván Olano Duqueren ‘El sueño de la especie. Siete ensayos al borde del abismo’ saiakaerak eraman du Miguel de Unamuno Lehiaketako saria, eta Marcelo Britosek ‘Vienen’ ipuinarekin lortu du Gabriel Aresti Lehiaketako saria.