NAIZ

Antzerkia ostegunetan, Bilboko Zazpi Kaleetan

‘Lautan hiru: antzerki txikia, festibal handia’ izeneko jaialdia egingo da urtarrilaren 31tik otsailaren 21era, Bilboko Zazpi Kaleetan, eta lau astez jarraian hiru antzerki pieza eskainiko dituzte ostegunero.

‘Lautan hiru antzerki txikia festibal handia’ egitasmoaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE / FOKU)
‘Lautan hiru antzerki txikia festibal handia’ egitasmoaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Euskaltzaindia da egitasmoaren bultzatzailea, Cafe Bar Bilbao-rekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA kulturgunearekin batera. Lau eragileen egoitzak izango dira antzezlanen agertokiak.

Egitasmoaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan antolatzen den egitasmo kultural berriak hiru helburu nagusi ditu: euskarazko antzerkia hauspotu (lanen hizkuntza euskara izango da), antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskainu, eta Zazpi Kaleetako giroan eragin eta Bilboko kultura aukerak zabaldu.

Formatu txikiko lanak erakutsiko dira, hala iraupenari nola muntaiari dagokionez, oro har 20-30 minutuko piezak izango baitira. Hala ere, luzeagoren bat ere programatuko da (pieza hauek BIRAn eta Zazpi Katu gaztetxean eskainiko dira, azken orduko saioan). Esandako guneetan obra bana antzeztuko da, 19.00etatik hasita, eta emanaldi bakarra izango da leku bakoitzean.

Antzerkizaleek hiru pieza ikusteko aukera izango dute ostegunero, aurretik laguntza bonua erosita (5 euro). BIRAn (Erronda kalea, 2) eta Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) 50 laguntza bonu salduko dira, astebete aurretik. Pieza bakarra ikusi nahi duenarentzat, berriz, 2 euroko sarrerak ere egongo dira espazio desberdinetan, beti ere bonuak ez badira agortu edo espazioen edukierak aukera ematen badu.

Bestalde, egitasmoak zaleen fidelizazioa bultzatu nahi du, eta hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean opariak zozkatuko dira, astero. Zozketa azken emanaldiaren ondoren egingo da, eta opariak Zazpi Kaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.