NAIZ

Udalberrik Bilboko osasun zentroen saturazioari aurre egiteko neurriak eskatu ditu

Udalberrik Bilboko osasun zentroen saturazioari aurre egiteko langile kopurua handitzea eta instalazio berrien eraikuntza proposatu du. Udal taldeak saturazio arazoak antzeman ditu San Inazio eta Irala-Ametzolako auzoetan bereziki.

Udalberrik Bilboko osasun zentroen saturazioari «aurre egiteko» proposamen bat defendatuko du otsailean egingo den osoko bilkuran.

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako eta Juan Luis Uria legebiltzarkideak defendatutako Legez Besteko Proposamenaren esparruan kokatzen da proposamena. Uriak ziurtatu duenez, egoeraren benetako diagnostikoa, baliabideen plangintza egokia, arreta prozesuen premien eta profesionalen kontratazio berriak zabaltzeko plan bat behar da.

«Lehentasunezkoa da osasun-zentroetako plantillak dimentsionatzea, arretaren kalitatea berreskuratzeko, lan profesionalaren kargak murrizteko, itxarote zerrendak ezabatzeko eta lanerako espazio eta denborak ahalbidetzeko», argitu du Uriak.

Udalberritik «ezinbestekoa» ikusten dute Bilboko anbulatorioen «saturazio egoeraren» diagnostikoa egitea eta ondorengo diseinua egitea. Horrez gain, Udalberriren ustez,  «ezinbestekoa» da beharra ikusten den auzoetan, adibidez Irala-Ametzolaren kasuan, osasun zentroen eraikuntza edo zabalkuntza bultzatzea, eta behar duten auzoetan osasun zentroak gaitzeko udal lokalak eskura jartzeko «konpromisoa hartzea».

«Bilbok argi eta garbi nahikoa ez den osasun zentroen sarea dauka, gure hiriaren tamaina eta kokaera geografikoa kontuan izanik. Izan ere, erabiltzaileek kexa asko aurkezten dituzte osasun zentroetako saturazioari dagokionez, batez ere auzo jakin batzuetan, San Inazion, besteak beste», gaineratu du Arenalek.

Bestetik, Udalberri osatzen duten alderdi politikoek Osakidetzako osasun zentroetako langileekiko elkartasuna adierazi dute, martxoaren 15erako, apirilaren 12rako eta maiatzaren 17rako deitu duten grebarekin bat eginez.