Asier ROBLES

Bilboko aratusteak, bilbotarrak protagonista izango diren «superprodukzioa»

Film estudio handi gisa irudikatu dituzte aratusteak Bilboko Jai Batzorde mistoko kideek. Bederatzi egun iraungo duen «superprodukzioan», bilbotarrok «pelikula osoa antzezteko» gonbita bota dute BilbaoArten egin den aurkezpenean.

Bilboko 2019ko aratusteetako aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Bilboko 2019ko aratusteetako aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Bilboko Jai Batzorde Mistoak 2019ko aratusteetako egitaraua aurkeztu du BilbaoArte aretoan egindako prentsaurrekoan. Otsailaren 23tik martxoaren 5era bitartean ospatuko dira.

Aurkezpenean, Jai Batzorde Mistoko kideek film estudio handi gisa irudikatu dituzte Bilboko aratusteak. «Bilbo hiriburu zinematografikoa dugu, filmak bertan girotzeko aproposa, eta datozen egunetako aratusteotan film estudio handia bilakatuko dira botxoko kaleak, eta bilbotarrek antzeztuko dute pelikula osoa», adierazi dute.

Pila bat ekitaldi antolatu dituzte aratusteetako egun guztietarako, baina batzuk azpimarratu dituzte aurkezpenean.

Larunbat honetan, otsailak 23, izango dira aratusteetako programazioaren lehenengo ekitaldiak. 20.00etan kopla txikien bosgarren lehiaketa hasiko da Kafe Antzokian, eta 22.00etan Anita Parkerren kontzertua egongo da. Bi ekitaldiak doakoak izango dira.

Ostegunean, otsailak 28, iluminazio efektuak piztearekin bat, Fritanga elektrotxaranga taldeak Zazpi Kaleak girotuko ditu 20.00etatik aurrera. Ondoren, Itzalak taldearen kontzertuarekin jarraituko du jaiak Plaza Berrian.

Ostiralean berriz, «antzinako Bilboko mozorro tradizionalak» janzteko eguna dela adierazi dute. Egun horretan, Farolin eta Zaranbolasi epaiketa egingo zaie 19.30etan Plaza Berrian. Xabi Aburrazaga trikitilaria eta Miren de Miguel aktorea izango dira eurtengo Farolin eta Zaranbolas.

Larunbatean, martxoak 2, aratusteen «bihotza eta egun nagusia» izango da. Jai Batzorde Mistotik adierazi dutenaren arabera, «egun osoz, kalera ateratzeko, bilbotarrok, kuadrillok, konpartsok sortuko ditugun dekoratu, eszena eta sekuentzia izugarrietan murgiltzeko aukera paregabea izango da». 12.00etatik aurrera hainbat ekitaldi egongo dira: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorro kalejira-lehiaketa… 15.00etan herri bazkaria egongo da Albiako karpan.

Aurtengo berrikuntza da Bilboko bost dantza taldek Euskal Herriko aratusteetako dantzak eskainiko dituztela kalejira emanaldian. Bakoitzak herri esanguratsu bateko inauteri tradizionalak aukeratu eta Bilbora ekarriko dituzte, beren dantza, musika eta pertsonaiekin.

Igandean eta astelehenean zehar ekitaldi gehiago egongo dira, eta martxoaren 5ean, asteartea, aratusteei bukaera emango zaie sardinaren erreketarekin.

Agerraldian argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeen aurkako erasorik: «Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, ez dugu emakumeon aurkako erasoa mozorro artean ezkutatzen duenik onartuko, ez dute lekurik gure film honetan! Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira!», adierazi dute.