NAIZ

Bilboko Alde Zaharrean «bizi nahi» dutela aldarrikatuko dute auzotarrek ekainaren 20an

Ekainaren 20an manifestazioa egingo dute Bilboko Alde Zaharrean «turisten beharrak asetzera bideratutako parke tematikoa» bilakatzen ari dela salatzeko. 

SOS Alde Zaharra lemapean manifestazioa egingo dute.
SOS Alde Zaharra lemapean manifestazioa egingo dute.

Datorren ekainaren 20an, arratsaldeko 19.00etan, Portal de Zamudiotik abiatuko den manifestazioa aurkeztu dute Bilboko Alde Zaharrean. Protestara turistaz jantzita joateko deia egin dute, izan ere, Alde Zaharra turismora bideratutako «parke tematikoa» bilakatzen ari dela salatuko dute.

«Alde Zaharra turisten beharrak asetzera bideratutako parke tematiko bihurtzen ari dira. Turismoa ardatz duen hiru-eredu hau gelditu ezean, Alde Zaharrean kontsumorako eskaintza asko izango ditugu, baina biztanle bat bera ere ez», nabarmendu dute agerraldian.

Bilboko Alde Zaharrean gertatu diren aldaketa sozio-ekonomikoek eta urbanistikoek bertan bizi direnen bizitzetan eragin dutela azaldu dute. «Badira urte batzuk Alde Zaharrak auzokideontzako leku izateari utzi eta zentro-komertzial bihurtu dela; Komertzianteen Elkarteak dioen bezala ‘Kantaurialdeko zentro-komertzial handiena’. Baina inork ere ez du neurtu dirua baizik bilatzen ez duten politika hauek zelan eragingo duten auzotarron bizi-kalitatean. Inork ere ez digu galdetu auzokideek zer deritzogun edo zein proposamen daukagun guk gure auzoarentzat», salatu dute.

Alde Zaharreko auzotarrek agerraldian esan dutenez, betiko denda eta jatetxeak «frankiziek, transnazionalek eta souvenir dendek ordezkatu dituzte; alokairuen kontrolik gabeko igoeraren ondorioz, lonjen prezioak ordaindu ditzaketen bakar horiek hain zuzen ere. Kaleak eta plazak terrazaz bete dira, espazio publikoa pribatizatuz eta auzokideon joan-etorria oztopatuz. Gure etxebizitzak pisu turistikoz betetzen ari dira, eta orain arte zeudenekin nahikoa ez, eta hotel gehiago zabaltzen jarraitzen dute».

«Turismo-eredu honen aldeko politiken ondorioak baina, guztiz kaltegarriak dira auzotarrontzako; izan ere, “boom” honek eragin zuzena dauka etxeen alokairuen prezioen igoeran», azpimarratu dute.

Hori dela eta, bai auzokideak bai Zazpi Kaleetako hainbat kolektibo elkartu egin dira ekainaren 20an manifestazioa egiteko. «Ozen adierazi nahi dugu multinazional, frankizia eta kateen eskuetan dagoen auzo baten aurrean, guk komertzio txiki, lokal eta hurbileko auzoa nahi dugula. Kontsumo eta turismora bideratutako auzo baten aurrean, guk bertoko biztanleen beharrak aseko dituen auzoa nahi dugula. Kanpora begiratu beharrean, barrura begiratuko duen Alde Zaharra nahi dugu; irabazi ekonomikoak sortu beharrean, bere auzokideen ongizatea helburu duen Alde Zaharra nahi dugu», aldarrikatu dute plaza Barrian egindako agerraldian.