NAIZ

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia, lau urteko lankidetza akordioa

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute. Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Saria jasoz.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia akordioaren aurkezpena.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia akordioaren aurkezpena.

BBK Fundazioaren Bilboko Sala BBK-n egin da gaur goizean lankidetza akordioaren aurkezpen ekitaldia. Ondoko ordezkariek hartu dute parte: Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako Foru diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkaria; Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria; Eduardo Martínez, Mendi Film Festival-eko presidentea eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Festival-eko zuzendaria.

2008an sortu zen Mendi Film Festival, lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012az geroztik Bilbon ospatu da. Azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia da nazioartean.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren ‘Top of Africa’ irudiarekin batera aurkeztu da.

Ekitaldi honetan bertan, 2019ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko albiste nagusietako bat aurreratu da: Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Saria jasoz.

Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda. Tartean, geldiune bat, sokada eta bikote honen giza balioak goratzen dituena: Romanok gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Nivesek erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi-mendietako erronkekin. Hezur-muin transplante bi jaso eta gero, jarri zen osatu bidean Romano, eta hala eutsi zioten berriro munduko hamalau gailur garaienak egiteko proiektuari.