NAIZ

Bilboko Unamuno BHIko proiektu bat STEAMxHealth erronkaren 10 irabazleen artean

500 proiektu baino gehiagok parte hartu dute LaCaixa fundazioak proposatutako STEAMxHealth erronkan eta 10 irabazleetariko bat Bilboko proiektu bat izan da, Unamuno BHIko 1. Batxilergoko bost ikaslek osatutako taldearena.

Proiektuan parte hartu duten ikasleak.
Proiektuan parte hartu duten ikasleak.

LaCaixa fundazioak proposatutako STEAMxHealth erronkan; DBH 3. eta 4. mailako ikasleek, batxilergokoek eta gradu erdiko lanbide heziketakoek egin dituzte proiektuak.

Aurtengo gaia «Nutrizioa: elikadura adimentsua» izan da eta 10 irabazleetariko bat Bilboko Unamuno BHIko 1. Batxilergoko ikasleena izan da. «Ondo Jan» izeneko proiektuan mugikorrentzako aplikazio bat sortzea proposatu dute, eskolan jaten dutenaren arabera menu osasuntsua eskainiz.

Proiektuaren sortzaileak Asier Angulo, Janire Aparicio, Unai Fernandez, Sara Mosquera eta Rebeca Tejerina izan dira. Proiektua aurrera eramateko, hainbat inkesta egin dituzte ikastetxean, Paloma Quintana nutrizionistaren (nutricionconQ) laguntza izan dute eta asteroko menua osatzeko mugikorrentzako beta aplikazio bat sortu dute; hezkuntza komunitateari laguntzeko erabilgarria izango dena.

Beñat Erezuma izan da proiektua gainbegiratzen ibili den irakaslea eta nabarmendu duenez, «oso harro nago ikasleak egindakoarekin; esfortzu eta ilusio askoren ondoren, saria heldu da».

Unamuno BHIko bost ikasleek CosmoCaixa bootcamp-ean parte hartuko dute Bartzelonan uztailaren 1tik 5era. Bertan ikerlarien hitzaldiak, tailer praktikoak eta lanketa kooperatiboaren bidez haien proiektua hobetu ahal izango dute. Aste hortan aukeratutako hiru proiektu ere sarituko dituzte, Massachusetts Institute of Technology-an (MIT) aste beteko heziketa programa bat egiteko.