Asier ROBLES

BilbaoBiziko langileek bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu dituzte Udaletxearen aurrean

BilbaoBiziko langileek kontzentrazio zaratatsua egin dute Udaletxearen aurrean bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatzeko.

BilbaoBiziko langileen protesta Udaletxearen aurrean.
BilbaoBiziko langileen protesta Udaletxearen aurrean.

Ekainean BilbaoBiziko, Bilboko udalaren bizikleta-alokairu zerbitzuko, langileek haien lan baldintzak publikoki salatzeari ekin zioten.

LAB sindikatuak gogoratu duenez, bizikleta elektrikoen zerbitzu berria martxan jartzeko, Udal Gobernuak azpikontrataziora jo zuen, beste hainbat kasutan bezala. Azpikontratatutako enpresa NextBike izan zen, eta langileek diotenez, «zerbitzuak izandako harrera onak berehala egin zion gainezka enpresari».

LABetik adierazi dutenez, langileak «lanez lepo» daude eta bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu dituzte: «Ez zaie dagokien hitzarmen kolektiboa aplikatzen, euren soldata ez da mila euro ziztrinera iristen, plantilla txikiegia da duten lan kargari aurre egiteko, kalean egon behar duen bizikleta kopurura iristeko konponketak eta garraioa presaka egin behar dituzte, langile gehiago behar direnean enpresak ETT-ra jotzen du, gehienak ez daudenez lanaldi osora kontratatuta aparteko ordu mordoa sartzen dituzte...»

Langileak egoera honek ezin duela aurrera jarraitu argi utzi dute, BilbaoBizi zerbitzu publiko bat den einean «duintasunez eskaini eta garatu» behar dela adierazi dute. Horretarako aurrekontuaren handitze bat eskatu dute, «soldatak igotzeko eta plantilla handitzeko».

Enpresaz aparte, Udala ere egin dute egoera honen erantzule, hain zuzen ere, «aholkularien ohartarazpenen gainetik, proiektu merkeena aukeratu zuelako».

Hau guztiagatik, BilbaoBiziko langileek kontzentrazio zaratatsua egin dute gaur goizean Udaletxearen aurrean. Bertan EhBildu eta Podemoseko zinegotziak egon dira.