NAIZ

Harro! plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21ean «Harro ez da Europride» lelopean

Harro!, Euskal Herriko TransMariBiBollo plataformak, ‘Harro ez da pride, ez gaude salgai. Gure inenean ez’ lelopean egingo du manifestazioa irailaren 21ean, larunbata, 17.30ean Arriaga plazatik. Honekin, besteak beste, EuroPride makrojaialdiaren atzean dagoen «merkantilizazioa» salatu nahi dute.

2018ko Pridea Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU).
2018ko Pridea Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Irailaren 19tik 23ra egingo da Bilbon EPOAren bilkura (European Pride Organisers Association), bertan 2022. urtean EuroPridearen egoitza Bilbo izango den erabakiko dute. Horren aurrean, Harro!, Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataformak, EuroPride makrojaialdiaren eta azkenaldian LGTB+ mugimenduaren harira ematen ari den «merkantilizazioa» salatu du.

Azaldu dutenez, plataforma osatzen duten elkarteak kezkatuta daude «instituzioak, LGTBI+ elkarte batzuen laguntzarekin, inposatzen ari dituzten ekimen hauekin». «Mugimenduaren izena erabiltzen dute urtean zehar aplikatzen duten politika baztertzaileak estaltzeko. Pridea-ren antolaketaren turismo estrategiak, hiriak eskaparate hutsetan bihurtzen ditu; alegia, parekidetasun eza, prekarietatea, pobrezia, bazterketa estaltzen duten parke tematikoetan».

Horregatik mobilizazio orokorra deitu du Harrok! Irailaren 21erako, 17.30ean Arriaga plazatik, ‘Harro ez da pride, ez gaude salgai. Gure inenean ez’ lelopean. «Ez dugu prekarizatzen eta gentrifikatzen duen gayfriendly turismoa nahi. Ez gure izenean. Ez dugu onartuko gu marka batean bihurtzea!», adierazi dute.

Manifestazioaz gain, hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte. Irailaren 20an Harro! Plataformaren aurkezpena eta ‘Zer ezkutatzen da Bilbao Bizkaia Pride-aren atzean?’ hitzaldia izango dira 7katu gaztetxean 18.00etatik aurrea. Irailaren 21ean, mahainguruak egongo dira asimilazio prozesuei eta makroekitaldien eraginei buruz. Manifestazioaren ostean, 7Katu gaztetxean (H)ortz-Adarra JO! Festa egingo dute.

Arlo ezberdinetako 120 eragile baino gehiago gehitu dira mobilizaziora, haien artean EH Bildu, Elkarrkein Podemos, ELA, LAB, CNT, ESK, Ernai, Gazte Komunistak, Eragin...

EH Bildu

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko Bilboko zinegotziak, adierazi duenez, koalizio soberanistak «behin eta berriz» salatu du Bilboko Udalak LGTBIQ+ kolektiboa «turismoa erakartzeko baliabide soilik moduan erabiltzen duela, iaz 60.000 eurotik gorako kostua izan zuen Bilbao Bizkaia Harro bezalako ekimenekin».

«Gainera, orain pauso bat gehiago ematen du eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, APAOren asanblada orokorra Bilbon izango da. Horren kostua 113.000 eurokoa izango da, horietatik 70.000 euro bilbotarrok eta bizkaitarrok ordaindutakoak», gaineratu du Zubizarretak.

Ildo horretan, azaldu duenez, asanblada horretan EuroPride hartuko duen hiria aukeratzen da, eta «EuroPride LGTBIQ+ kolektiboa merkantilizatzen duen ekimena da, gutxi batzuek etekin ekonomikoak lortzeko».

Aldiz, adierazi duenez, EH Bildu Bilbok LGTBIQ+ kolektiboaren «benetako ahalduntzearen eta aniztasun sexuala sustatzearen eta lantzearen aldeko apustua» egiten du.