NAIZ

Egutegiak salduz lortutako dirua eta zozketatutako saskia banatu dute gaur Bilboko Konpartsek

Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu dute gaur Bilboko Konpartsek San Tomas egunean zozketatutako otzara ederra eta 2020rako egutegien salmentan lortutako dirua.

Bilboko Konpartsek zozketatutako saskia banatzen.
Bilboko Konpartsek zozketatutako saskia banatzen.

Bilboko Konpartsek zozketa egin zuten Bizkaiko baserritarren egun nagusian, San Tomas azokan eta, 3242 zenbakidun irabazlea hilabeteko epean agertu ez denez, ordezko 2736 zenbakiaren jabeak, Ibai Gartziak, jaso du gaur sariaren txerriki eta ortukari sorta ederra.

Laborek eta Basatxerrik ekoiztutako ortuari eta txerriki gozoek osatzen dute saria osatzen duten bertoko produktuen sorta ederra.

Zozketan bildutako dirua Bilbo Zaharreko Kidekoop elkarteari eman zaiola adierazi dute Bilboko Konpartsek, «lehen sektorea hiriko ekosisteman txertatzeko egiten duten lana aitortzeko». Era berean, gaurko ekitaldian, egutegien salmentarekin jasotako 957 euroko txekea entregatu zaio ere Kidekoop elkarteari.

Kidekoopen helburua Bilbo Zaharrean eta inguruko auzoetan elikadura-burujabetza bultzatzea da. Horretarako, «ekoizleen eta kontsumitzaileen artean bidezko harremanak eraiki eta beste eredu sozio-ekonomiko baten aldeko apustua egin dute».

Bazkideei banatzen dizkien produktuetan, honakoak lehenesten ditu ekimenak: modu ekologikoan ekoitzitakoak, hurbilekoak, etikoak eta bidezko merkataritzakoak.

Bilboko Konpartsek diotenez, elkartean, parte hartzea ardatz garrantzitsua da, erabakiak modu horizontalean hartzen baitituzte. Bazkideen lan boluntarioa sustatuz, auzokideen harreman-sarea indartzen dabiltza.