Asier ROBLES

Bilboko Gazte Sare Feministako hainbat kidek 6.500 euroko isunak jaso dituztela salatu dute

Bilboko Gazte Sare Feministak 2019ko abuztuaren 15ean egindako ekimenarengatik sare feministako hainbat kidek 6.500 euroko isunak jaso dituztela jakinarazi du asteazken goiz honetan. Horri aurre egiteko bono laguntzak salduko dituzte.

Bilboko Gazte Sare Feministaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ / FOKU).
Bilboko Gazte Sare Feministaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ / FOKU).

2019ko abuztuaren 15ean, Bilboko Gazte Sare Feministako zenbait kidek Udaletxeko zubia moztu zuten Bizkaiko hiriburuan gertatutako talde-bortxaketa salatzeko eta erasotutako emakumeari babesa eskaintzeko. Era berean Ertzaintzaren jarrera salatu zuten «egoera errotik aldatzeko neurriak hartzetik urrun emakumeongan jarri zuten berriro fokua, erasotuak ez izateko neurrien zerrenda bat zabalduz».

Ekimen hori dela eta, sareko 8 kideei guztira 6.500 euroko isunak jarri dizkietela jakinarazi dute asteazken goiz honetan eskainitako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, momentuan 20 identifikatu inguru eta 8 inputatu egon ziren. Gabonetan isunak heldu zitzaizkien sareko 8 kideei.

Bilboko Gazte Sare Feministaren ustez, «ekimen politikoak desagertarazi eta mugimendua ekonomikoki itotzeko» isuna da, eta «politikoki eta juridikoki onartezina» ikusten dute.

Hori dela eta, isunei aurre egiteko kanpaina jarri dute martxan. Marrabila artistak ilustrazio bat oparitu die bono laguntzak ateratzeko, eta laster auzoetako puntu desberdinetan nahiz sareko kideei eskatuz eskuratu ahaldo dira bonoak.

Hala ere, ekintza egingo luketela ziurtatu dute. «Egiturazko biolentzia honen aurrean egunerokotasunean autodefentsa feministaz baliatzen garen bezala, erantzuna ekintza zuzenaren bitartez gauzatzea ere guztiz legitimoa dela pentsatzen jarraitzen dugu, eta horrela izango da egoera behetik gora aldatu arte. Guk, neurri paternalistetatik askoz haratago doazen neurrien beharra azpimarratzen jarraitzen dugu, pairatzen dugun sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honen oinarriak astinduko dituzten neurriak. Ordura arte kalean ikusiko dugu elkar», nabarmendu dute.