NAIZ

Bilbobusek zerbitzuak berrantolatu ditu, lanera eta ospitaleetara doazenak bermatuz

Bilboko Udalak Bilbobuseko zerbitzuak berrantolatu ditu, maiztasuna murriztuz jende gutxiago dabilen ordu tarteetan. Ordutegi berria astearte honetan hasiko da eta lanera zein ospitaleetara joan behar dutenen bidaiak bermatu dituzte. Azken irteerak aurreratu dituzte eta 22.00etatik 22.30era bitarte izango dira.

Bilbobusek zerbitzuen maiztasunak egokitu ditu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bilbobusek zerbitzuen maiztasunak egokitu ditu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilboko Udalak Bilbobuseko zerbitzuak berrantolatu ditu martxoaren 29ko Errege Lege Dekretuaren arabera, astearte honetatik, martxoaren 31tik, lanera zein ospitaleetara joan behar dutenen joan-etorriak bermatuz une oro. Bidaien %100ari eutsiko dio puntako orduetan, eta murriztu egingo ditu jende gutxiago dabilen ordu tarteetan.

Basurtu eta Santa Marinako ospitaleetatik igarotzen diren 38, 57, 58, 85 eta A9 lineak berrantolaketa berritik salbuetsita daude, baina, gainerako lineek bezala, azken irteera 22.00etatik 22.30 bitartera aurreratuko dute.

Zerbitzuaren berrantolaketa berria astearte honetan hasiko da. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak garraioa ziurtatu nahi die egunotan lanera edo ospitaleetara joan behar duten guztiei.

Maiztasun berriak

Egun, Bilbobuseko zerbitzuak bost ordutegitan banatuta daude, baina aurrerantzean beste era batera funtzionatuko dute asteko egun guztietan, jaiegunak barne: 09.00ak arte, zerbitzuen %100 ibiliko da linea guztietan; 09.00etatik 12.00etara zerbitzuak murriztuko dira; 12.00etatik 15.30era, zerbitzuen %100 ibiliko da linea guztietan; 15.30etik 20.00etara zerbitzuak murriztuko dira; 20.00etatik zerbitzua amaitu arte, bidaien %100ak zirkulatuko du linea guztietan. Azken irteerak aurreratu eta 22.00etatik 22.30era bitarte izango dira.