NAIZ

Koronabirusaren pandemia Supersurreko obretan aurrera egiteko baliatu dela salatu dute

Supersur autobidearen handitzearen aurkako plataformak salatu duenez, Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko Aldundiak «pandemia baliatu dute autobideko lanetan aurrera egiteko» eta, koronabirusak sortu duen egungo egoera kontuan harturik, lanak «berehala gelditzeko» eskatu die.

Supersurraren aurkako manifestazio baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Supersurraren aurkako manifestazio baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Bilboko Supersur autobidea zabaltzearen aurkako plataformak Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak covid-19 pandemiak eragindako alarma egoera «obretan aurrera egiteko» aprobetxatu dutela salatu du ohar baten bidez. Plataformak dioenez, enpresa eraikitzaileak «lanean aritu dira konfinamendu garaian, langileen eta herritar guztien osasuna arriskuan jarriz; izan ere, posible da haien, haien familiaren eta Buia eta Seberetxe auzoetako bizilagunen arteko kutsadura erraztea».

Plataformaren ustez, erakundeek «arduragabekeria erakutsi dute, konfinamenduko aste hauetan obra honetan jarduten uzteagatik, eta beharrezkoa ez den proiektu batean diru publikoa xahutzearen alde egiten jarraitzen dute».

Plataformak azaldu duenez, Supersur «obra garestia da, eta kilometro bakoitzeko 47 milioi euroko kostua du». Zenbateko horri «aurreko fasearen kostutik hipotekatutako dirua, eskatu diren maileguen interesak eta ustiapen defizitaren galerak gehitu behar zaizkio, eta horrek hurrengo 20 urteetan 60 milioi euro baino gehiago ordaintzea ekarriko du», ohartarazi du.

Gainera, eraikuntzak sortzen dituen lanpostuak «prekarioak eta behin-behinekoak» direla salatu du. Bestetik Supersurraren eskaria inoiz ez dela espero zen eskarira iritsi gogoratu dute, «gaur egungo erabilera ez baita aurreikusitakoa baino %50era ere iristen, eta etorkizuneko aurreikuspenek are erabilera-egoera txikiagoa planteatzen dute».

Plataformaren ustez, «gero eta zentzu gutxiago du lan honetan diru publikoa xahutzeak», eta, zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-bilketaren beherakada «oso garrantzitsua» dela esan du, «eta behar sozialak gero eta handiagoak izango dira egungo krisiaren ondorioz».