Abenduaren 21ean Bilboko konpartsak ez dira Santo Tomasen izango, baserritarren egun nagusian, eta ez dute bertan sukalde eta kultur-programaziorik antolatuko, «gaur egungo osasunegoera dela eta». Halere, Konpartsen Federazioak «lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera» deitu du, «jai herrikoiak, herri kultura eta zerbitzu publikoak» defendatzearekin batera.
Ohar batean azaldu duenez, urtero-urtero konpartsek euren ahalegina egin ohi dute San Tomas egunean, «bertoko ekoizpena zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua egiteko». Helburu horrekin, San Nikolas elizako ingurua dinamizatu dute urteotan, umeentzako emanaldiak, bertsoak, txalaparta, erromeria, kantu-kalejira eta bertoko jana eta edana eskainita.
«Aurten, berriz, covid-19 gaitzaren zabaltze handiak ez du bermatzen nekazaritzaren festa handian konpartsek egiten duten programazioa eta ospakizuna burutu ahal izatea. Beraz, gaur egungo osasun-egoera dela eta konpartsek erabaki dute jarduerarik ez antolatzea abenduaren 21ean, prebentzioa eta elkar-zaintza printzipioetatik abiatuta», ohartarazi dute.
Konpartsek abuztuan iragarri zuten «San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, covid-19a bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean». Orduan egin bezala, deitu dute «jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestera», eta baita zerbitzu publikoak ere, «osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun».
Halaber, lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera deia egin dute. Izan ere, azaldu dutenez, «bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du babesteko ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa».