Asier ROBLES

Klasikoen Irakurraldiak haur eta gazte literatura omendu du Mariasun Landaren ipuinekin

Bilboko Arriaga Antzokiak Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIII. edizioa hartu du astearte honetan. 200 bat lagunek irakurri dituzte Mariasun Landaren liburu batzuk, haur eta gazteen literatura omentzeko balio izan duen edizioan.

Mariasun Landaren ipuin hautatuen irakurketa publikoa, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Mariasun Landaren ipuin hautatuen irakurketa publikoa, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamairugarren edizioak haur eta gazte literatura omendu du gaur Bilboko Arriaga Antzokian, Mariasun Landaren 'Ipuin hautatuak' irakurriaz sei orduz jarraian.

Mariasun Landa (Errenteria, 1949) genero honetako egilerik nabarmenetariko bat izan da, hizkuntza askotara itzulia izan delarik. Haur literaturako dozenaka liburu argitaratu ditu eta sari entzutetsuak jaso ditu, horien artean, Euskadi Saria 1991ean ‘Alex’ ipuinagatik edo espainiar Estatuko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an ‘Krokodiloa ohe azpian’ narrazioagatik.

Normalean ekainean egiten da ekimena, euskara ikasleen jaiaren baitan ikasturteari amaiera emateko, baina covid-19aren pandemia dela eta, ekainekoa bertan behera geratu zen eta orain berreskuratu egin dute.

Ekitaldia goizeko zortziretan hasi da, eta Mariasun Landak berak eman dio hasiera irakurketari. Ondoren beste 200 bat pertsona txandatu dira mikrofono aurrean, eta bakoitzak bi minutu inguru eman ditu irakurtzen.

14.00ak arte euskal gizartearen arlo guztietako pertsonek irakurri dituzte Landaren liburuetako pasarteak: Unibertsitateko, komunikabideetako, erakunde publiko zein pribatuetako ordezkariak, kirol, kultur eta gizarte eragileak, ikasle eta irakasleak... igaro dira Arriaga antzokiko foyerretik. Ordezkari politikoak ere izan dira bertan, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, eta Bilboko Udaleko hainbat zinegotzi.

Berrikuntza gisa, aurten haur talde batek ere irakurri ditu pasarteak, aurten haur eta gazte literatura baita protagonista. Tarteka, mundu osoko 50 euskal etxetako ikasleek hartu dute parte grabatutako bideoen bidez. Besteak beste, Uruguay, Mexiko eta Kataluniako lagunak batu dira irakurraldira.

Aurtengo edizioaren berezitasunak

Aurten, covid-19aren pandemiak markatu du edizioa. Ez bakarrik data aldaketagatik, baita kutsatzeak saihesteko hartu diren neurriengatik ere. Jendearen irteerak eta sarrerak kontrolatu dira, jendetzarik egon ez zedin, eta maskara uneoro erabili behar izan da. Gainera, mahai gaineko mikrofonoa desinfektatu egin da interbentzio bakoitzaren ondoren. Arriaga plazan pantaila handi bat jarri dute jendeak irakurketa jarraitua bertatik bertara ikus zezan.

«Esfotsu handiko ekitaldia izan da, pandemiaren kontrako erresistentzia moduko ekitaldia. Koronabirusari aurre egiteko zer neurri dauden ikusita, ekitaldia aurrera eramatea lortu da, eta oso ondo atera da. Giro lasaia izan da, aurreko urteetan baino lasaiago», adierazi du Landak.

Duela 13 urte hasi zen Bilbo Zaharra Euskaltegia Klasikoen Irakurraldi Jarraituak antolatzen. Lehenengo irakurketa Axularren ‘Gero’ izan zen, eta onodren Mogelen ‘Peru Abarca’, Jon Miranderen ‘Haur besoetakoa’, Ramon Saizarbitoriaren ‘Hamaika pauso’, Arantxa Urretabizkaiaren ‘Zergatik panpox’, Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’, Gabriel Arestiren ‘Harri eta Herri’, Joseba Sarrionandiaren ‘Narrazio guztiak’, Franz Kafkaren ‘Metamorfosia’, Itxaro Bordaren ‘%100 Basque’, Txomin Agirreren ‘Kresala’ eta Anjel Lertxundiren ‘Otto Pette’ irakurri izan dira.

Aurtengo Klasikoen Irakurraldian ordea ez da obra bat irakurri, ipuin bilduma bat baizik. Mariasun Landak idatzitako narraziorik ezagunenetako batzuk hartu eta bilduma bat osatu da irakurketarako, argitaletxeen laguntzarekin. Haur eta gazte literatura omentzea izan du helburu.