NAIZ

‘EraStop/Agrestop’ aplikazioaren izaera «patriarkala» salatu dute Bilboko gazte feministek

Bilboko Gazte Sare Feministak Udalak eraso matxisten aurka ateratako mugikorreko aplikazioaren izaera «patriarkala» salatu du. Azaroaren 25erako, Bilboko Mugimendu Feministaren deialdietara batzeaz gain, manifestazioa deitu dute 20.30ean udaletxetik.

Bilboko Gazte Sare Feministaren prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Bilboko Gazte Sare Feministaren prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Bilboko Gazte Sare Feministako kideek prentsaurrekoa eskaini zuten aurreko larunbatean Bilboko Udalak indarkeria matxista «prebenitzeko» EraStop/Agrestop izeneko mugikorreko aplikazioaren izaera «patriarkala» salatzeko.

«Kontrolean, paternalismoan eta emakumeon biktimizazioan oinarritutako aplikazioa da, eta emakumeonganako indarkeria horren oinarri diren botere harremanak indartu baino ez ditu egiten», adierazi zuten. Izan ere, aplikazioa deskargatzearekin batera, erabiltzailearen datu pertsonalak sartzea beharrezkoa da, telefonoa geolokalizatuta egon dadin.

Era berean, gauean gertatzen diren erasoez aparte, neska gazteek egunero pairatzen dituzten beste eraso batzuk daudela azpimarratu zuten, «etxean, kalean, sare sozialetan, multinazionaletako iragarki matxistetan, gure hitza zalantzan jartzen denean, gure lanak lan feminizatuak izateagatik are prekarizatuagoak daudenean, gure sexualitatea askatasunez adierazteagatik iraintzen gaituztenean...».

Horrregatik, argi utzi zuten ez dutela nahi poliziak haiei «salbatzera» etortzea. Zentzu honetan, emakume bat eraso bat salatzera joaten denean, «poliziak bere hitza zalantzan jartzen duela» salatu zuten, «jasandako mina biderkatuz.

Bilboko Udalari zein instituzioei «arazo estrukturala den honi konponbide estrukturalak» ematen hasteko eskatu zieten: «Inbertitu hezkuntza eredu feministam, ez infantilizatu neska gazteak, bermatu lan baldintza duinak, inbertitu gune inseguruen desagerpenean, ezabatu edertasun kanon itogarrietan oinarritutako publizitatea eta utzi aurpegi garbiketa morea egiteari».

Mobilizazioak

Horrekin batera Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira hainbat lanketa abiatu dituzte. Azaroaren 22tik 23ra instagram sare sozialari 24 orduko plantoa egitera deitu zuten.

25erako Bilboko Mugimendu Feministaren deialdietara batu ziren eta, horretaz gain, manifestazioa deitu zuten 20.30ean udaletxetik. «Saretuta indartsuagoak garelako, har ditzagun kaleak eta eraiki dezagun Bilbotik Euskal Herri feminista!».