NAIZ
BILBO

EAEko instituzioek Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua adostu dute

Lakuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDELek eta UEMAk Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala adostu dute lehen aldiz. ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde’, leloaren bitartez, euskararen bakoitzak egin dezakeena aktibatzeko deia egin nahi dute.

EAEko instituzioek Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua adostu dute. (ARGAZKI PRESS)
EAEko instituzioek Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua adostu dute. (ARGAZKI PRESS)

Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (HAKOBA) osatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionala aurkeztu dute gaur eguerdiz Bilbon. Lakuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDELEk eta UEMAk galdera bat egin diote euren buruari: ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’.

Adierazpenak 500 norbanako, elkarte, gizarte-eragile eta erakunderen babesa jaso du, Lakuak jakinarazi duenez. Bilboko Guggenheim Museoan burutu dute aurkezpena, bertan egingo dute  HAKOBA osatzen duten erakundeetako ordezkariek, abenduaren 3ko ekitaldi nagusia burutuko eta ekitaldi nagusia.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak  aurtengoa dela herri-erakunde guztiak bat eginda Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala elkarrekin egiten duten lehen aldia dela azpimarratu du. Leloaren inguruan «galdera aktibo eta aktibatzailea» dela azaldu du Baztarrikak. «Lozorroan geratzeko aukerarik ematen ez duen galdera da. Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait euskararen alde. Kontua ez da besteei esatea zer egin behar duten, baizik eta norberak esatea zer egin ahal duen. Denok baitaukagu zereginik».

«Herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko», gehitu du. Era berean, adierazpenak nabarmentzen du herri aginteek eta askotariko gizarte-eragileek egun hori «elkar hartuta ospatzeko» duten nahia, eta «euskara nahiz hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko hartu nahi izan duten konpromisoa».