Manex Altuna

Herri Unibertsitate bateratua egingo dute San Mamesen

Asteazken eta ostegun honetan San Mameseko ingenieritza eskolan Herri Unibertsitate bateratua antolatu du ikasle mugimenduak. Asanblada egin berri dute dute desalojo arriskuan daudela adierazteko.

Asanblada egin dute desalojo arriskuan daudela adierazteko. (@HUnibertsitatea)
Asanblada egin dute desalojo arriskuan daudela adierazteko. (@HUnibertsitatea)

Euskal Herriko Herri Unibertsitatea antolatu du ikasle mugimenduak aste honetan zehar laugarren urtez. Astelehen eta asteartean campus bakoitzak bere ekitaldiak antolatu ditu eta asteazken arratsaldetik ostegunerarte Bilboko San Mamesen, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, elkartu dira.

Joan den urtean Ertzaintzak desalojatu egin zituen San Mameseko fakultatetik. Asanblada egin berri dute eta desalojo arriskuan daudela adierazi dute. Zabaldultako oharrean, Nekane Balluerka errektoreari galdegin diote Herri Unibertsitatearen alde eta desalojoaren kontra publikoki agertzeko.

Ikasle mugimenduko kideek Info 7 irratian azaldutakoaren arabera, «San Mameseko Herri Unibertsitate bateratua formakuntzarako espazio izatetik haratago doa, geure borroken eta buruen aurkako errepresioaren aurrean, autodefentsarako zein ofentsibarako determanazio sendoagoa erakusteko espazioa izango baita».

GARA egunkarian egindako adierazpenetan ondokoa adierazi zuten ikasle mugimendutik. Asteazkenean, gaur egungo errealitatearen analisia egingo dute. «Joera handia daukagu hezkuntza ulertzeko arazo orokorretik edo sistematik at dagoen arazo bat bezala. Ariketa bat egingo dugu gu ere kontziente izateko sistemaren barruan dagoen beste tresna bat dela hezkuntza, eta ezin dela aldatu sistema aldatu gabe».

Osteguna berriz, jakintzaren eguna izango da. Heziguneetan badira eskola kolektiboak edo hausnarketa taldeak, unibertsitatean ematen den jakintza aztertzen dutenak. Hauek sustatu eta esperientziak partekatuko dituzte.

 

Lehen bi egunetako kronikak Bilbon

Buiaka.info blogak eguneroko jarraipena egin du Bilbon antolatu duten Herri Unibertsitareari buruz. Astelehenean Deustuko Unibertsitatean eman zioten hasiera Herri Unibertsitateari. Urtxintxaren eskutik hezkuntza alternatiboari eta pedagogiari buruz hausnartu zuten eta baita ere Euskal Herriko emakume langileen historiaz, GITE-IPESen eskutik, eta internazionalismoaz Askapenarekin.

Asteartean, zumba klase batekin eman zioten hasiera egunari Sarrikon. Kurdistan, Siria, kartzelaren funtzio zapaltzailea, gizontasun eta autodefentsa feminista tailerrak eta drogek Euskal Herriko gatazka politikoan izandako paperaren inguruko hitzaldiak antolatu zituzten.

Mobilizazioak ostegunean

Bestalde, ostegun honetan, otsailak 23, Ikasle Abertzaleak sindikatuak hezkuntza propioa aldarrikatzeko mobilizazioak antolatu ditu.