‘Bilbao Now’ aplikazioak irabazi du Udalaren 6.000 euroko saria

Udalak ‘Bilbao Now’ izeneko aplikazioari eman dio 6.000 euroko Cimubi saria. Toki interesgarriak jakinarazten dituen mapa klasikoa eta iturri askotatik hartutako informazioarekin osatutako agenda uztartzen ditu.

NAIZ|27/12/2017 14:39
Captura_de_pantalla_2017-12-27_a_las_14
Aplikazioen egileak saria jasotzen. (Bilboko Udala)

Bilbora bisitan doazenentzako aisialdiko eta kulturako proposamena izan nahi du ‘Bilbao Now’ aplikazioak eta Eduardo Revilla bilbotarrak eta Galder Segurola abadiñoarrak asmatu dute.

Cimubi saria irabazi du aplikazioak eta 6.000 euro jasoko dituzte.

Ekonomiaren garapena, lana sortzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) turismoaren sektorean aplikatzea bultzatzeko Bilboko Udalak sustatutako lehiaketa da CimubiSaria eta Asteazken honetan banatu dira sariak.

Gainera, ‘Knowlii’ aplikazioak 2.000 euroko accesit bat jasoko du. Aplikazioak denbora errealean konektatzen ditu bertoko pertsona adituak eta aisialdiko eta kulturako beharrizan zehatzak dituzten turistak. Bertoko adituaren ezagutzaren bidez, turistari zer-nolako alternatibak dauden adierazten zaio. ‘Knowlii’ aplikazioaren egile-taldearen arduraduna Ruben Lopez bilbotarra da, eta aurkezpenean eta sari banaketan Cristian Carreira taldekidea ere izan da.

‘Bilbao Now’ eta ‘Knowlii’ aplikazioak erabilgarri daude jada Android zein iOS gailuetarako. Bilboko Udalak datu eta informazio baliagarria jasotzeko erabiliko ditu bi aplikazioak, Bilbora iristen den turistak nolakoak diren eta zer-nolako turismo premiak dituzten jakiteko.

Saritutako aplikazioen erabilgarritasuna eta originaltasuna baloratu ditu epaimahaiak, kontuan hartu baita datu irekiak ere sortzen dituztela eta datu horiek balio erantsia duen informazio bihurtzen direla. Gainera, Bilboko Udalak «oso positibotzat» jo du lehiaketara 15 ekimen berri aurkeztu izana.