NAIZ

30 kultur ekitaldi antolatuko ditu Loraldia jaialdiak martxoan zehar

22 egunez, Bilboko hogei aretotan 30 kultur ekitaldi ospatuko dira martxoaren 5etik 26ra bitartean Loraldia jaialdiaren baitan. Estreinaldiak eta jaialdirako sortutako lanak izango direla azpimarratu dute egitarauaren aurkezpenean.

Loraldia jaialdiaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
Loraldia jaialdiaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 5etik 26ra bitartean ospatuko da Loraldia jaialdiaren laugarren edizioa Bilbon eta, aurten ere, euskal kultura eta euskarazko kultur proposamenik berritzaileenak izango dira protagonistak.

Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu dute Loraldiaren laugarren edizioa Imanol Agirre festibalaren zuzendari artistikoak, Goizalde Landabaso kazetariak eta hainbat artistak: Agurtzane Intxaurraga, Oinkari dantza taldeko dantzariak, Patxo Telleria gidoilariak eta Inun kantariak. Haiekin batera izan dira Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzi ordezkaria eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua. Mikel Martinez aktoreak, berriz, festibalean antzeztuko duen Tabernaria teatro laburraren pasarte batzuk eskaini ditu.

Ezagutzera eman dutenez, 30 kultur ekitaldi antolatu dituzte eta horien artean, estreinaldiak eta jaialdirako propio sortutako lanak nabarmendu dituzte. Besteak beste, Kukai dantza konpainiak Oteizari eskainitako ‘Oteiza 110’ ikuskizuna; Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Ainara Ortega eta Petti musikariek Imanol abeslariaren omenez antolatutako ‘Imanol Jazz’ emanaldia; Joseba Sarrionandiaren testua oinarri duen ‘Herejeen alaba’ saioa; Ruper Ordorikari eskainitako ‘Dabilen harriari so, azukre koxkorrak’ kontzertua; Mizel Theret dantzariak sortutako ‘Lekeitioak’ ikuskizuna; Sagartu ikuskizunaren aretoko estreinaldia eta Artzeren omenez antolatutako Isturitzetik ‘Etiopian barrena’ emanaldia.

Horrez gain, Anton Abbadia Dublinetik Hendaiara obra, Izaro abeslariak martxoaren 8an Arriagan egingo duen kontzertua edo Cafe Bar Bilbaoko gidoien saria irabazi duen ‘Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña’ antzezlana Mikel Martinezekin nabarmendu daitezke.

Hogei gunetan izango da jaialdia, haietako batzuk berriak: Arriaga Antzokia, Campos Antzokia, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, BIRA! Kultura Bilbao, Elkar dendak, BBK Sala, La Fundición, Bilborock, Kafe Antzokia, Sarean, Ardoonak Sherry denda, Café Bilbao eta Basquery tabernak.

‘Lau sormen-haizetara’ da Loraldia jaialdiaren aurtengo leloa eta jaialdiaren berri emateko bideoa ere zabaldu dute sarean, Robert Garai artistak hainbat euskal sortzaileren elkarlanarekin sortutakoa.