NAIZ

Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon indarkeria matxista egotzita

Igande gauean gizonezko bat atxilotu dute Bilboko Peñaskal Bidea kalean dagoen etxebizitza batean bere bikotea erasotzea egotzita. Udalak irmotasun osoz gaitzetsi du eraso matxista.

Bilboko Udalak ezagutzera eman duenez, Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen igande gaueko 22.45ak aldera Peñaskal Bidea kaleko etxebizitza batean. Bere bikotearen kontrako eraso matxista bat egitea leporatuta atxilotua izan da.

Bilboko Udalak irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu nahi izan du Peñaskal Bidea kalean izandako eraso matxistarengatik eta udal talde guztiek sinatutako adierazpena ezagutzera eman du. 

«Emakumeari baita gertukoei ere, gure babesa helarazi gura diegu. Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi gura die bilbotarrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta», salatu du Bilboko Udalak adierazpen instituzionalean.

Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu.

«Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean», gaineratu du Udalak oharrean.

Bilboko Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko dituela azaldu du.